Lizeoko irakasle Mikel Etxanizen bidea aitortu du Espainiako fisika elkarteak
2025eko Bigarren Hezkuntzako Fisika Irakaskuntza eta Dibulgazioaren Saria eman diote.
Mikel Etxaniz.Pasaia Lezo Lizeoa Espainiako fisikarien elkarteak (Real Sociedad Española de Física) Pasaia-Lezo Lizeoko Mikel Etxaniz Añorga irakaslea aitortu du, “irakaste prozesuan bikaintasunarekin azaldu duen konpromiso iraunkorragatik”. Zehazki, 2025eko Bigarren Hezkuntzako Fisika Irakaskuntza eta Dibulgazioaren Saria eman diote, elkarte horrek eta BBVA Fundazioak emana. “Ni beti dedikatu naiz bigarren hezkuntzako irakasle izatera. Ez dut lanik egin unibertsitatean, ez dut doktoretzarik egin, baina ahalik eta irakasle hoberena izaten saiatu naiz beti. Fisikako irakaskuntzan hasiera-hasieratik eredu modernoak sartu nituen, eredu eraikitzailea, eta iraultza digitala etorri zitzaigunean klaseetan integratu nituen: sentsoreak, simulazio programak… Uste dut hori saritu dutela, irakasletzari emandako dedikazioa eta lana ondo egin izana”, azaldu du Etxanizek Ikastolaren webgunean argitaratutako elkarrizketan.
Etxanizek nabarmendu du saritzen dutena da ibilbide bat izan dela, “ez lan konkretu bat, ez eta unitate bat… ibilbide osoa saritzen dute”. Lizeoaren webguneko elkarrizketan sakontasunez ikus eta uler daiteke zergatik jaso duen saria, eta horrek zer suposatu dion hari.
