Sara Mansilla, Kontu Kantariko azken gonbidatua
Abeslari eta konpositore donostiarra Trintxerpeko Alkateordetzan izango da bihar (larunbata), 19:00etatik aurrera.
Bihar (larunbata) Kontu Kantari, Pasaiako Solasaldi Musikatuak zikloaren urteko azken emanaldia egingo da Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00etan. Urteko azken protagonista Sara Mansilla abeslari eta konpositore donostiarra da. Mansilla txikitan zaletu zen musikara, eta 7 urterekin gitarra eskolak jasotzen hasi zen. Hor bere etorkizunerako oinarriak ezartzen hasi zen. Bere auzoko musika eskolan hartu zuen parte, eta hainbat abesbatzatan ere aritu zen, ahots teknika eta musikaren ulermena hobetuz. 16 urterekin bere lehen diskoaren izenburua izango zen abestia idatzi zuen: Talking to the wall.
Profesional gisa, lehen urratsak taberna eta klubetako kontzertuen bidez egin zituen, kantu originalak pop eta rock abestien bertsioekin uztartuz. 2017an Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian sartu zen. Musikenen jazzaren interpretazioan duen hezkuntza formala zabaldu duela adierazi du Pasaiako Udalak. Horrela, bere musika ezagutzak sakondu ditu, baita taldeak zuzentzeko gaitasuna ere. Horrez gain, Donostiako Tabakaleran egoitza duen Kutxa Kultur Musika egoitza artistikoan parte hartzeak bere ibilbideari “bultzada interesgarria” eman ziola zehaztu du udal erakundeak.
Mansillak Musikenen ezagutu zituen Talking to the wall diskoa grabatzen lagundu zioten musikariak. Lehen album horrek Mansillak idatzitako hamar abesti original jasotzen ditu. Disko horretan bere ahots trebeziatik eta gitarra batetik jaiotako kantuak aurki daitezkeela jakinarazi du udalak. Bere azken lanak Cerca du izena. Mansillaren bilakaera musikala erakusten du album berri horrek, jazz, pop eta chill rnb doinuen bidez.
Bere ibilbidean zehar, hainbat agertoki ospetsutan aritu dela baietsi du udalak; hala nola, Donostiako Jazzaldian, Kutxa Kultur Festen, Hondarribiko Jazzaldian, Goierriko Jazzaldian edota Gure Ahotsak egitasmoaren lehen edizioan. Gure Ahotsak musika industriaren sektorean emakumeak ikusarazteko iniziatiba da. Bere lehen diskoa, gainera, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan aurkeztu zuen.
Sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta Bibe plataforman eskura daitezke.
