Mineralak bilatuko dituzte igandean, Arditurrin
Aiako harriko natura parkean zehar mendi ibilaldi gidatua egingo dute, eta, besteak beste, mineralen eta meategien arrastoak ikusiko dituzte.
Gipuzkoako Parketxe Sareak Mineralen bila ibilaldi gidatua antolatu du Arditurrin iganderako (hilak 16 ), eta izenak dioen moduan, mineralak aurkitzeko aukera paregabea izango du hala nahi duenak.
Arditurri meatzaritza gunea izan da bi mila urtean zehar, baina oraindik topa daitezke meatzarientzat horren preziatuak ziren mineralak eta meategien arrastoak. Hori horrela, ibilaldi bat eginez horiek ezagutzeko aukera izango da igande honetan, 10:00etan hasita.
Antolatzaileek, alabaina, jakinarazi dute topatutako mineralak bertan utzi behar direla, gune hori gaur egun natura parkea baita.
Euskaraz izango da saioa, eta izena eman behar da aldez aurretik mezu elektroniko bat idatzita edota 943 49 42 48 zein 688 89 50 68 zenbakietara deituta. Hamabi urtetik beherakoek lau euro ordaindu beharko dute ibilaldia egiteko; hamabi urtetik gorakoek, haatik, sei euro.
Arditurritik jakinarazi dute ibilaldia “erraza” dela eta “edonork” egin dezakeela.
