Hamaika konplizek jositako Euskararen Hamabostaldia
Hilaren 17an hasita, abenduaren 8ra bitartean egingo dute hamabostaldia, eta horren barruan espresio anitzak baliatuko dituzte euskara erdigunean jarri eta arnasguneak eraikitzeko. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Euskararen Egunaren Hamaikaldia aurkeztu dute gaur Joxepa Antoni Aranberri anitzenean. Euskararen Egunaren Hamabostaldia egingo du aurten ere, berriro, Errenteriako Udalak. Gaur aurkeztu du ondu duen egitarau zabala eta askotarikoa, egiteko horretan konplize izan dituen herriko eragileekin batera. Agerraldian izan dira, AEK, Badalab, Beti Prest Dantza Taldea, Herri Arte Eskola, Kultur Aniztasun saila, Kirol saila, Lau Haizetara, Lurgorri Kultur Elkartea, Oarsoaldea Euskara Batzordea, Orereta Ikastola, Pump sistema, Talaios koop, Udal Euskaltegia, Xenpelar Bertso Eskola eta Zituene Kooperatiba.
Hilaren 17an hasita, abenduaren 8ra bitartean egingo dute hamabostaldia, eta horren barruan espresio anitzak baliatuko dituzte euskara erdigunean jarri eta arnasguneak eraikitzeko. Tailerrak, ikuskizunak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, kirol saioak… arlo denak ukitu dituzte, denak saretu dira, euskararentzat agertoki oparoagoa erdiesteko.
Hainbat tailer antolatu dituzte. Horien barruan, zerealak ezagutzeko aukera egongo da; Oarsopedia: Euskara gure herrian tailerra ere izango da Torrekuan eta bertan ere, gazteei zuzenduriko Bideojokoak euskaraz tailerra egingo dute. Badalaben Hitzen sorrera tailerrean parte hartzeko aukera ere egongo da Olatz Salvador eta Alaia Martinekin batera.
Ikuskizunak ere ez dira faltako, eta Arizona antzerki emanaldia, Muxikoak, Hegan egiteko gogoa tailer artistikoa, Harritzeko ipuinak txotxongilo emanaldia, Herri kantaldia eta Doinuz kalerik kale kantuz plazarik plaza emanaldi ibiltaria.
Garikoitz Goikoetxea idazlearekin batera Esnatu ala hil liburuaren inguruan hitz egiteko aukera izango da, eta herriko bi euskaltegietako ikasleek Mikel Pagadi idazlearekin batera Bisita liburuaren inguruko solasaldia izango dute. Herritarren hizkuntz-eskubideen inguruko hitzaldia ere izango da Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eskutik.
Hilaren 29an, berriz, 24. Korrikaren aurkezpena egingo da eta horretarako babarrun jatea antolatu du AEK-k; izan ere, justu egun horretan 45 urte beteko dira 1. Korrika hasi zela Oñatin. Bazkalostean bingo musikatua izango da Yogurinha Borovaren eskutik eta txartelak salgai daude ohiko lekuetan.
Kirolak ere lekua izango du hamabostaldian; herriko elkarte eta eragile ezberdinak gonbidatu dituzte Lehenengo Sokatira txapelketa herrikoian parte hartzera.
Hamabostaldian zehar, gainera, herriko kultur agendan errefrenteak diren hitzorduek ere izango dute tartea. Horietako bat da, Xenpelar Bertso Eskolak eta Ereintza Elkarteak elkarrekin antolatutako Xenpelar sariaren kanporaketak eta finala; ostiral honetan, 19:00etan hasita jokatuko dute kanporaketa horietako lehena Xenpelar Etxean. Hamabostaldian zehar ere Blaitu Mihiluze Kahoot lehiaketan parte hartzeko aukera egongo da eta herriko ikastetxeek ere Egin Ttap! Euskarazko lehiaketa digitalean parte hartzeko aukera izango dute.
Saltoki eta ostalariak ere konplize izango dira euskararen alde. Errenteriako Udalak kanpaina abiatuko du herriko establezimenduekin Merkataritzan eta ostalaritzan ere ari gara lelopean. Hilaren 17tik abenduaren 3ra bitarte, Euskararen Egunaren baitako kanpaina honetan parte hartzen duten establezimenduetan egindako erosketengatik zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Saria 2026. urtean zehar udalak antolatutako euskarazko emanaldi guztietarako doako 2 sarrera izango dira.
Kontuan izateko beste hitzordu bat. Abenduaren 2an Giza liburutegia: An(h)iztunak jarduera antolatu dute Lekuona Fabrikan. Kultur Aniztasuna eta Udal Hizkuntza Politika sailek elkarrekin antolatutako ekimena da eta bertan, ezagutza eta esperientzia partekatuen bidez, giza liburutegiko protagonistek bizi istorio eta interes propioak partekatzen dituzte parte hartzaileekin. Udalak herritarrak izen ematera animatu ditu.
Hamabostaldiaren baitan antolatu diren ekintza guztiak doakoak izango dira, baina batzuetan gonbidapena edota izen ematea egin beharko da (klikatu hemen).
Udalarekin batera egitaraua osatzeko lanetan aritu diren eragileei eta udaleko hainbat sailei eskerrak eman dizkie udalak “izandako prestutasunagatik eta egindako proposamen guztiengatik”. Leire Mazizior Hizkuntza Politiketako zinegotziak antolatutako ekintza guztiak euskararen erabilera eta bizitasuna sustatzeko helburuarekin antolatu direla azaldu du. Hainbat ekitaldiri egin die erreferentzia, hala nola, 24. Korrikaren aurkezpenari, edota Lehenengo Sokatira Txapelketari, kasu, ” 11 taldek eman dute izena jada, baina zabalik dago izen ematea oraindik”. Horretarako klik hemen.
Euskara ez dela egun bateko kontua jarri du nabarmen, gainera, “Euskararen Eguna gure hizkuntzari ikusgarritasuna emateko aukera da, baina batez ere egunero euskaraz bizitzeko konpromisoa berritzeko unea. Udalaren Hizkuntza Politikaren xedea herritar guztiei euskaraz aritzeko eta bizitzeko aukerak eskaintzea da. Hamabostaldi honek elkartzeko eta euskaraz gozatzeko espazioak sortu nahi ditu, euskaldunentzat zein euskara ikasten ari direnentzat, eta hori horrela, herritar guztiak animatu nahi ditugu jardueretan parte hartu eta euskararen aldeko giroa zabaltzera udalerrian”.
Egitarauaren inguruko informazio osoa ikusteko egin klik hemen. Bihartik izango da eskura egitaraua lotura horretan.
