2026ko udal egutegiak Lezoko festetako argazki zaharrak behar ditu
1979 urtetik aurrerako argazkiekin osatu nahi du udalak datorren urteko egutegia. Abian du argazki lehiaketa.
2026ko udal egutegian Lezoko festetako historiari keinua egin nahi dio udalak, irudi bidez. Hori horrela, 1979tik aurreragoko herriko festekin osatu nahi ditu datorren urteko egutegiaren azala, eta hamabi hilabeteen ondoko irudien tokiak. Lezoko jaiak irudietan: 1979ra arte oroitzapenak izenburuarekin, lehiaketa abiatu du herriko garai bateko festa giroa betikotzea helburu duen egitasmo eta lehiaketarekin.
“Lehiaketaren bidez, udalaren helburua Lezoko historia eta memoria kolektiboa balioan jartzea da, herritarren oroitzapenak irudi zaharren bitartez biltzen. Oraingo honetan, herriko iragana eta komunitatea uztartu eta Lezoko jaien bitartez islatuko ditu egutegiak”, esan du udal erakundeak. Hamahiru argazki hautatuko ditu epaimahaika jasotzen dituen guztietatik: bat azalerako (sari nagusia harentzat izango da, 200 euroko erosketa bonua, herriko dendetan baliatzeko), eta beste hamabi urtarriletik abendura arteko hilabeteetarako.
Argazkiak aurkezteko epea hilaren 28ra artekoa (ostirala) da. Bi era daude lehiaketako argazkiak entregatzeko: bat aurrez aurrekoa, Kultura Sailera eraman daitezke festa irudi historikoak astegunetan 08:30etik 13:30era); beste modua telematikoa da, udalaren webgunearen bitartez.
