50.000 euro lehen sektorera
Laguntza horiekin tokiko ekoizleen jarduera ekonomikoa sendotzen eta sektoreak bizi duen egoera "zailari" arnasa ematen lagundu nahi dute.
Arane Ustiategiko Juan Luis Retegi, eta Ibon Mitxelena zein Olaia Lasa udal zinegotziak. Oiartzungo Udala Oiartzungo Udalak jakinarazi du “lehen sektorea indartzera” bideratutako laguntza programa jarri duela berriz martxan, eta, hortaz, 50.000 euro banatuko dituela herriko nekazari eta abeltzainen artean “urtean zehar izan dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko”.
Udaletik azaldu dutenez, tokiko ekoizleen jarduera ekonomikoa sendotzen eta sektoreak bizi duen egoera zailari arnasa ematen lagundu nahi dute diru horrekin, ekoizpenaren jarraipena eta iraunkortasuna bermatu nahi baititu.
Laguntza horiek ustiategiaren tamainaren eta aurkeztutako gastuen arabera banatuko dituzte, eta 1.000 eta 2.000 euro arteko diru laguntzak jaso ahal izango dira.
Beste gauza batzuen artean, deialdi horrekin urtean zehar sortutako gastuak estaltzeko aukera izango dute profesionalek, hala nola, honakoak:
- Ustiategietan egindako inbertsio eta hobekuntzak.
- Baserritarren lan baldintzak hobetzeko egitasmoak.
- Lur abandonatuetan jarduera berreskuratzeko lanak.
- Makineria eta ekipamendu berriak erostea.
- Baratze eta lorezaintza intentsiborako azpiegiturak.
- Berrikuntza teknologikoa edo belaunaldi erreleboa sustatzeko azterketak eta aholkularitza lanak.
- Ekoizpen ekologikoa sustatzeko proiektuak.
- Albaitaritza zerbitzuekin lotutako gastuak.
- Ura, bazka eta pentsuen ordainketa bezalako gastu arruntak.
Eskari hori abenduaren 1a baino lehen aurkeztu behar da erregistro elektronikoaren bidez edota Herritarren Arreta Zerbitzuan. Deialdiaren oinarriak eta bete beharreko dokumentuak zein diren ikusteko, egin klik hemen.
