Aurten ere Mintzagun saria izango du Ikuskak
Mintzagun atalak bost emanaldi izango ditu aurten, Oarsoaldeko lau herrietan, hilaren 17tik 20ra bitartean.
Hilaren 14tik 22ra bitartean, Ikuska Pasaiako badiako Film Laburren Erakusketaren 27. ekitaldia egingo da. Atal ofizialaz eta lehiaketatik kanpoko film laburrez gain, Ikuskak euskara eta hizkuntza bizikidetza sustatzen dituen Mintzagun atala izango du berriz ere. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez, bat egin dute beste urte batez egitasmoarekin. 2012tik euskarazko film labur onenari saria ematen zaio, eta helburua da euskara ikasten ari diren herritarrek hizkuntza erabiltzeko aukerak eta espazioak zabaltzea.
Mintzagun saria Ikuska-n aurkeztutako lanen artean ematen da, eta, urtero, eskualdeko euskaltegietako ikasleek hautatzen dute film labur onena, boto bidez. Aurten, bost emanaldi antolatu dituzte Mintzagun atalean, hilaren 17tik 20ra bitartean. 2025eko Mintzagun saria Bidean, Iturralde, A-Maniki, Erreka zoko hortan eta Planetagatik film laburren artean erabakiko da. Hauexek dira saioak:
- Hilak 17, astelehena: 12:45ean, Lezoko Gezala aretoan, Lezoko Institutuko ikasleentzat. Lezoko Zinema Ttikia eta Euskara Talaia elkartearen laguntzarekin.
- Hilak 18, asteartea: 10:00etan, Errenteria-Oreretako Niessen aretoan.
- Hilak 19, asteazkena: 10:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzako aretoan.
- Hilak 19, asteazkena: 19:00etan, Lezoko Gezala aretoan. Lezoko Zinema Ttikiaren elkartearen eskutik, saio irekia.
- Hilak 20, osteguna: 17:30ean, Oiartzungo Landetxe aretoan. Herritar orori begirako emanaldia.
