Eman daiteke izena Etxera lasterketa herrikoian
Ohi modura, abenduaren 31n izango da lasterketa. 10:30ean haurren lasterketa izango da, eta 11:00etan, berriz, herri lasterketa.
Oiartzungo Sarek jakinarazi du dagoeneko eman daitekeela izena Etxera lasterketa herrikoian. Abenduaren 31n izango da lasterketa, eta Ezin da gehiago luzatu lelopean egingo dute.
Euskal preso zein iheslari eta deportatuek bizi duten egoera ezin dela gehiago luzatu sinistuta, diote etxera bidean jartzeko garaia dela. Era berean, nabarmendu dute “herri honek behar duen benetako elkarbizitza eta konponbidearen alde” egiteko garaia ere badela.
Urteko azken egunean, lasterketaz gain, musikak eta aldarrikapenak ere izango du presentzia, betiere, “giro ona” izango delarik nagusi.
6,5 kilometro ditu lasterketak, eta 9:30 eta 10:15 artean izen ematea eta dortsal banaketa egingo dituzte. Hartara, 10:30ean haurren lasterketa izango da, eta 11:00etan, berriz, herri lasterketa.
Antolatzaileek azaldu dute sari banaketa lasterketa amaitu eta segidan egingo dutela.
Dagoeneko zabaldu dute lasterketa horretan izena emateko epea, eta online zein Miren tabernan, Txokolategian edota Kiroldegian egin daiteke hori. Alabaina, lasterketa handian parte hartu nahi duten adin txikikoen izen ematea online edota abenduaren 26an izango da, Doneztebe plazan.
Lasterketako inskripzioak hamar euro balio du abenduaren 28ra bitartean. Haatik, dortsalak geratuko balira, egunean bertan jarriko lituzkete salgai hamabost euroan (eskuz baino ezingo da ordaindu).
Azkenik, herritarrak animatu dituzte Sarek urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duen manifestazio nazionalera joan daitezen. 17:00etan izango da ekitaldia, La Casillatik, eta Oiartzundik autobusak antolatuko dituzte. Txerri egunetik aurrera jarriko dituzte txartelak salgai.
