"Diktadura bat eta bakarra izan zela baieztatzen da"
Urte eta piko aritu da Zuloaga Oiartzungo ziklo horretara ekarri nahi nahi izan dituzten emakumeen arrastoen atzetik. Emakume horiek sufritu zuten mina plazaratzea izan da helburua.
Ione Zuloaga Muxika, astelehenean Oiartzunen emandako hitzaldian. Imanol Saiz Gomez de Segura Oiartzungo Udalaren eskariz, Frankismoan errepresaliatutako emakumeak ikerketa ondu du Ione Zuloaga Muxika historialari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Astelehenean aurkeztu zituen Oiartzungo pleno aretoan ikerketaren zenbait xehetasun.
Zerk bultzatuta egin duzu ikerketa?
Oiartzungo Udalak deitu zigun behar bat ikusten zuelako Frankismoan errepresaliatutako emakumeak pairatu zutena ikertzeko. Dei horri erantzunez hitzarmen bat sinatu genuen Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Oiartzungo Udalak. 2023an hasi ginen lankidetza horrekin, eta ordutik udal artxiboa ikertzen aritu gara, eta baita lekukotzak hartzen ere.
Era berean, estatu espainiarreko Centro Documental de La Memoria Historican ere izan gara; hor Eusko Jaurlaritzari konfiskatutako dokumentazioa dago, eta bertatik, esaterako, Oiartzundik erbestera joan behar izan zuten zenbaiten fitxak aurkitu ditugu, izen abizenekin.
Alcala de Henaresko Archivo General de la Administración-en, esaterako, irakasleen depurazio espedienteak topatu ditugu. Zazpi dira emakume depuratuei dagokienak, baina horrek ez du esan nahi beren postuetatik kendu zituztenik, baizik eta auzitegi bat izan zutela eta herriko alkateak, parrokoak edo batzuetan erreketaren buruak zenbait informe bidali zituztela irakasle horiek epaitzeko. Tribunal horiek jaso zituzten dokumentuak eta horien arabera beraien postuan jarraitu edo ez baldintzatu zuten. Alabaina, artxibo militarrak ere baditugu, eta Oiartzunen Gerra Kontseiluek bost emakume epaitu zituzten gutxienez 1936tik aurrera. Horietako bi ziren, adibidez, Maria Luisa Arbelaiz eta Dolores Zapirain. Epaile frankistek ezkertiarrak izateaz akusatu zituzten, nahiz eta haren deklarazioan lehenengoak adierazi 1936ko hauteskundeetan abertzaleei eman ziela haien bozka. 1937ko otsailean atxilotu zituzten beren senideekin batera eta bi emakumeak urtebete Ondarretako kartzelan igaro ondoren 1938ko otsailean ospatutako gerra kontseiluan, akusazioak ezin frogatuta, absolbitu egin zituzten.
Kattin Txiki Oiartzunen memoria historikoaren alde lan egiteko elkartea da. Izan duzu harremanik eurekin prozesu guzti honetan?
Elkartekoek egin duten ikerketa lana ezinbestekoa izan zaigu guk ikertu ahal izateko, eta asko erraztu digu guri lana egitea. Urte luzeetan lan ikaragarria egin dute, eta hori eskertzekoa da.
Genero ikuspegia aplikatzen hasi zarete. Nola egiten da hori?
Genero ikuspegia ikerketa ezberdinetan forma ezberdinetan aplikatzen da. Historiari dagokionez, berau ikertzerako orduan, mende luzez, emakumea objektu gisa tratatu izan da; are, guri dagokigunez, lehenengo errepresaliatuen ikerketetan ‘presoaren emazte’ edota ‘errefuxiatutako emazte’ bezala baino ez ziren identifikatzean emakumeak, horiei beren garrantzia kendu gabe.
Esan nahi dudana da, Errepublikan zehar emakumeek izan zuten parte hartzearen inguruan ez zela ikertzen, ezta gerran zehar miliziano gisan borrokatu zutela, industria mobilizatuetan (josten, armagintzako fabriketan…) lan egin zutela, amabitxi gidan lan egin zutela soldaduei eskutitzak idazten…
Hori guztia argitara ateratzea neurri handi batean 60ko hamarkada inguruan sortzen hasi ziren mugimendu feministako kideek egindako ikerketei eta akademia mailan poliki poliki egiten hasi zirenei zor diegu. Azken hauen kasuan, Mary Nash eta Guiuliana di Febo ikerlariak nabarmendu nahi nituzke, haiek izan baitziren lehenengotarikoak emakumeak subjektu politiko aktibo gisan identifikatu eta horrenbestez, emakumeek errepresio sexuatua ere jasan zutela adierazten, hau da, ile mozketak, bortxaketak, umeen lapurretak… jasan zituztela adierazten.
Gainera, genero ikuspegia aplikatuta errepara genezake, frankistek emakumeak ama eta emazte on eta gizonaren menpeko izateko hezi nahi zituztela, eta, gizonak, haatik, subjektu politiko eta gerrako gizon indartsu gisan. Hori, alabaina, diktadurak aurrera egin ahala aldatzen joan da.
Ondorioz, diktadura frankistarentzat, labur esanda, gizonezkoak eta emakumezkoak baino ez ziren existitzen, eta hortik ateratzen ziren guztiak ez ziren existitzen. Hori izango litzateke disidentzia sexu generikoen kasua, homosexualena eta transena, esaterako. Gizartearen bazterretan ezarri zituztenen historia berreskuratzea egiten zaigu oraindik ere zailen, baina horretan gabiltza.
Zein errepresalia jasan zituzten emakumeek?
Gerra garaian eta gerraostean errepresioa jasan zuten emakumeak Bigarren Errepublikan zehar edo aurreragotik militantzia politikoa izan zutenak [Oiartzungo kasuan gehienbat Emakume Abertzale Batzako emakumeak izan ziren], haien senideen ideologia politikoagatik zein Errepublikak babestu zuen irudia gorpuztu zuten emakumeak izan ziren [ama ezkongabeak, kasu].
Errepresio ekonomikoaren barnean sar genezake Carmen Egia Monzonis Emakume Abertzale Batzako militantea. Hari, besteak beste, Erantzun Politikoen Auzitegiak 500 pezetako isun ekonomikoa ipini zion. Teodora Alzugarayk, bestalde, erbeste behartua jasan zuen; edota, Delfina Perez Ganzarain, Ugaldetxoko probintziako maistra zena, depuratu egin zuten. Horiek eta gehiago dira proiektu honetan jaso ditugunak.
Alabaina, kontuan izan behar da emakume guztiak ez zirela zuzenean errepresaliatuak izan, batzuk errepresioaren eragile ere izan zirela. Errepresaliatutako emakume horiek guztiak gainontzeko emakumeek egin behar ez zutenaren irudi fisiko bilakatu ziren. Horrekin guztiarekin eta frankistek bultzatutako lege ezberdinen bidez; eliza nazionalkatolikoaren bidez; hezkuntzaren bidez; Patronato Protección a la Mujer zein Obra de Redención de Mujeres Caídas eta bestelako zenbait taldek emakume berri bat sortzea zuten helburu. Ama eta emazte ona izango zen emakume bat sortu nahi zuten, gizonezkoaren menpe egongo zena. Haien hitzetan, la perfecta casada delakoa sortu nahi zuten.
Ikerketa egiteko garaian, izan duzu zailtasunik artxiboak edota dokumentuak bilatzeko?
Errepresio sexuatuaren barnean sartzen dira ile mozketak, bortxaketak… Horiek jasan zituztenak ez daude idatzita askotan nahiz eta salbuespen batzuk baditugun. Orokorrean tokian tokiko lekukotzen bitartez jasotzen ditugu horiek, orduan, hor dago lehenengo isiltasunetako bat.
Gainera, errazagoa izaten da epaiketak izan zituzten edota kartzeletan egon ziren emakumeei arrastoa jarraitzea, gehienetan erregistratuta geratu baitziren. Beste artxibo batzuetan zailtasunak ezarri dizkigute, baina ez da Oiartzungo udal artxiboaren kasua. Koro artxibozain ohiari eta Klara berriari eskerrak eman nahi dizkiet beti eskaini didaten laguntzagatik.
Emakume Abertzaleen Batza, zer da?
1922ko maiatzean sortu zen, baina haren lehen pausoak urte horretako apirilean eman zituzten. EAJko emakumeen adarra izan zela esan genezake, eta 1936rako 28.000 afiliatu baino gehiago zituela. Ildo horretatik, Gipuzkoako herri ezberdinetatik ari gara haien inguruko informazioa biltzen.
Oiartzungo Emakume Abertzale Batzako lehendakaria, esaterako Juana Aiestaran izan zen. Hemen [Oiartzunen] Emakume Abertzaleen Batzak eragin berezia izan zuen. Haren irekiera 1932ko abuztuan egin zen, eta ospakizun handiko eguna izan zen, Eusko Gaztetxu Batzarekin batera eman baitzitzaion irekiera.
Bide batez, tarte hau aprobetxatu nahiko nuke goraipatzeko Oiartzungo Wikiemakumeak Emakume Abertzale Batzako militanteak izan zirenen historiaren berreskurapenean eta herriko beste emakume zein beste herrialdetako emakumeen istorioak jasotzen ari direlako.
Oiartzunen izan zen ile mozketarik?
Badut zerbaiten berri, baina oraindik ikertzen ari gara. Baditugu kasu batzuk esku artean.
Delfina Perez Ganzarain aipatu duzu hitzaldian. Nor zen?
Ugaldetxo auzoko Eskola Probintzialeko irakasle nazionala izan zen, eta 1936ko uztailaren 17-18an, estatu kolpea eman zutenean, berak ikasturtea amaitu eta eskola itxi zuen. Hori adierazi zuen egin zioten depurazioan.
Tropa frankistak sartu zirenean, herri guztietan, errepresaliak hasi zituzten Errepublikan zehar militantzia politikoa izan zutenengan, euren familiengan edota beraien ideia politikoekin bat egiten ez zutenengan. Irakasleen depuraketak ere Tropa frankistak herrietara sartzen direnean hasten dira, baina 1936ko azaroaren 8an legeztatu zituzten. Orduan auzitegi batzuk sortu zituzten, eta horiek jasotzen zituzten herrietako txosten ezberdinak; adibide modura: tribunal horrek, Delfinaren kasuan, Oiartzungo alkateak zer esaten zuen edo parrokoak zer esaten zuen jaso zuen. Txostenak jasotzen zituzten, eta txosten horien arabera epaitzen zuten irakasle horrek jarraitu behar zuen ala ez irakasle postu horretan. Delfinaren kasuan abandono de destino egiteagatik akusatzen zuten; alegia, abandonatu egin zuela bere postua, baina berak horren aurrean adierazi zuen ikasturtea itxi egin zuela oporrak eman zizkienean ikasleei eta alde egin zuela oporretara. Gero, azaldu zuen bere senarra gudari bezala borrokatzera derrigortua iritsi zela Santanderreraino. Aldiz,Oiartzungo erreketen buruzagiaren txostenaren arabera simpatizante izquierdista zen. Egin zizkioten txosten ezberdinen bidez, azkenean, 1940ko urriaren 7an honakoa adierazi zutene Delfina Perez Ganzarainengantik: pérdida de los haberes devengados y no percibidos e inhabilitación de 10 años para el ejercicio de cargos de dirección y confianza en instituciones culturales de confianza. Horraino da dokumentazioan daukaguna, baina lekukotzen bidez kasu hau jasotzea gustatuko litzaidake gehiago jakiteko haren inguruan.
Beste emakume batzuen txostenetan jartzen zuten tradizionalistak zirela, eskuindarrak zirela, katolikoak zirela… eta horrenbestez auzitegi horiek erabaki zuten irakasle horiek beren postuetan jarraitu behar zutela. Horrela egin zuten Hego Euskal Herriko eta Espainiar estatuko gainontzeko irakasleekin ere, labur esateko, hezkuntza frankistan hezi nahi zituztelako etorkizuneko haurrak.
Patronato Protección a la mujer ere izan duzu hizpide. Zer zen?
Patronato Protecion a la Mujer delakoa 1902an sortu zen, Errepublika garaian erreformatu eta diktadura frankistan 1941ean beste erreforma bat jasan zuen. Frankistek Patronatoaren bidez helburu bakar bat zuten: moral eta sexu arau frankistak transgreditzen zituzten emakumeak kontrolatzea.
Patronatoaren erreformatorio edo espazio horiek monjek kontrolatzen zituzten haien gehiengoan, eta 16 eta 23 urte arteko emakume gazteak sartzen zituzten. Haien helburua, emakume frankisten hitzetan “on bidean” jartzea zen, eta bertan sartzeko baldintzetako bat gehienetan birjinitatea galdu gabe izatea izaten zen. Birjinitatea galdu gabe bazuten frankistek uste zuten oraindik ere emakume horiek beraientzat bide ona izan zitekeenean jar zitzaketela, baina bestela, ez. Birjinitatea galduta zuten eta bikoterik ez zuten emakumeak guztiz galdutzat kontsideratzen zituzten, eta Obra de Redención de Mujeres Caídas delakoaren menpean uzten zituzten.
Azken instituzio hori 1941ean sortu zen. Garai hartan prostituzioa erregelamenduaren barnean zegoenez, instituzio horren helburua zen kalean zeuden prostitutak instituzioak sortu zituen kartzeletan sartzea erreformatzeko eta “onbideratzeko”. Prostituzioa 1956an abolitu zuten, baina instituzio honek 1963ra arte iraun zuen. Patronatoak, aldiz, 1985era arte. Biak Justizia Ministerioaren menpe zeuden eta azken urteetan instituzio frankista hauen menpe egon ziren zenbait emakumek jasandako errepresio bortitza salatu dute.
Patronato horretan izan zen oiartzuarrik?
Dokumentazioan, udal artxiboaren bidez, batik bat, identifikatzen saiatzen ari naiz. Espedienteak egon badaude, eta eskaera egin dut zenbait artxibotan, baina orain gutxira arte espediente horiek non zeuden ez zekitela azaldu didate. Normalean horrelakoak ez dira egoten udal artxiboetan, Justizia Ministerioaren menpeko instituzioak baitziren. Beraz, norbaitek zerbait baleki edota lekukotza eman nahi balu, hemendik dei egiten diot berau jaso dezagun.
Hortaz, herritarren batek informaziorik izanez gero, zer egin behar du?
Nik esango nioke korreo bat idazteko, edota bestela Aranzadiko telefono zenbakira [943 46 61 42] deitzeko eta Zuloagagatik galdetzeko. Une horretan ez banago bertan utz dezatela telefono zenbakia edo korreoa, eta ni jarriko nintzateke haiekin harremanetan.
Zein izan dira ikerketaren ondorio nagusiak?
Erantzun orokorra da, baina niretzat tokiko ikerketa honek beste behin baieztatzen duena da diktadura bat eta bakarra izan zela; hau da, diktaduran zehar errepresio sistematizatua egon zela, eta hori ikusgarria da 1936tik 78ra bitartean Oiartzungo emakume errepresaliatuak ditugulako dokumentatuta.
Beste herrietan gertatzen den bezala hemen ere hutsuneak daude azken finean dokumentuak falta direlako, eta beraz, dei egiten diet berriro ere oiartzuarrei beraien testigantzak ematera euren testigantzak oso garrantzitsuak direlako gure ikerketa bere osotasunean egin eta historia osoa kontatu ahal izateko. Jasotzen eta idazten ez dena ez da existitzen zoritxarrez.
Eta orain, zer?
Momentuz, bildutako informazio guztiarekin ikerketa lana testu liburuan idazten jarraituko dut. Ikusiko dugu horrek zein bide hartzen duen.
