Emakumeen ikuspegia txertatzen
Oiartzungo Udalak 'Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea' zikloa antolatu du. Hilaren 10ean, Memoriaren Nazioarteko Egunean hasi zuten ekitaldi sorta, eta hilaren 27ra arte egongo dira jarduerak.
Oiartzungo Udalak Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea zikloa antolatu du datozen egunetarako. Iragan astelehenean hasi zituzten jardunaldiak pleno aretoan, Ione Zuloaga Aranzadiko kideak emandako hitzaldi batekin, eta ez dute egun hori aise aukeratu, hilaren 10a Oroimenaren Nazioarteko Eguna baita. Beraz, data ezin seinalatuago batekin ekin zioten egitarauari. Zuloagak Frankismoan errepresaliatutako emakumeak izeneko hitzaldia eman zuen, eta hurrengo orrietan dago gaiaren inguruko informazio gehiago, Hitza Aranzadiko ikerlariarekin elkartu baita.
Oiartzungo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako hitzarmen baten berri eman zuten 2020an; udaleko alderdi guztien kontsentsuz hartutako erabaki baten ondorio izan zen lankidetzarako bidea. Bada, udaletik jakinarazi dute jakitun direla etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko iraganari begiratu behar zaiola, eta, bide horretan, giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jartzen hasi ziren, “gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu”.
Hitzarmen hori sinatu zutenetik zenbait egitasmo eta proiektu egin dituzte, eta azkena, honakoa: Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea zikloa. Hilaren 10ean hasi zuten ekitaldi sorta, eta hilaren bukaerara arte, hilaren 27ra arte luzatuko da. Berriki aurkeztu dute egitaraua udalean ordezkaritza duten bi alderdietako ordezkariek: Joana Mendiburu alkateak eta Janire Mitxelena EAJko bozeramaileak. Mendiburu: “Bi urte dira legealdi berria abiatu genuela eta hasieratik berretsi dugu udaletik bizikidetza eta memoria eremuko lanari jarraipena emateko konpromisoa. Udalean ordezkaritza dugun bi alderdion arteko elkarlanean eta kontsentsuan oinarrituriko bideari ekin diogu”.

Family and friends attend the burial of ETA member Olaia Kastresana on July 30, 2001, in the cemetery of Donostia, Basque Country.(Ander Gillenea / Bostok Photo)
Mitxelenak mahaiaren jarduna zein den azaldu du. Lau puntu nagusi zerrendatu ditu: gertatu denaren transmisioa lantzea; gertatutakoaren memoria lantzea eta sustatzea; Oiartzunen pairatu diren sufrimendu guztiak eta eragindako biktima guztiak erreparatzeko bide egokiak aztertzea, eta, azkenik, herritarren arteko bizikidetza sustatzea eta prozesua herrira zabaltzea.
Alabaina, bestelako bi helburu transbertsal ere badituzte, honakoak, hurrenez hurren: gatazka eta memoriarekin lotutako guztiari emakumeen ikuspegia txertatzea, eta herriko beste eragile batzuekin elkarlana sustatzea, betiere egitasmoen eta helburuen arabera.
Emakumeak erdigunean
Zikloa osatzeko helburua bizikidetzaren eta memoriaren bidean “beste urrats bat” ematea izan da, eta, hortaz, aurreko legealdian abian jarritako Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea ziklo berria prestatu dute. Gainera, aurtengo jarduera sorta osatzerakoan ardatza emakumeek pairaturiko indarkeriari, ez soilik indarkeria politikoari, baizik eta indarkeriei begiratzea izan da. Ondorioz, zenbait motatako ekintzen bidez emakumeen istorio, bizipen eta izen isildu, ezkutatu edo ukatu berreskuratu nahi izan dituzte, “emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo bezala aldarrikatzeko”.
Bestalde, Mendiburuk eta Mitxelenak jakinarazi dute aurtengo egitaraua lantzeko garaian “ahalegin berezia” egin dutela belaunaldi gazteenei zuzendutako proposamenak egiteko, “iruditzen zaigulako memoria benetakoa izango dela baldin eta belaunaldi guztietan txertatzen bada”.
Bide horretan, honakoa adierazi dute. “Belaunaldi zaharrenek beren bizipen eta oroitzapenak dituzte gatazka ulertzeko, baina gazteenek elementuak behar dituzte, eta horregatik sortu ditugu ekitaldi propioak”.
Ekitaldi propioak gazteentzat
Herritar orok informazioa eskuetan izan dezan nahi dute, eta, beraz, zenbait jarduera antolatu dituzte oiartzuar gazteenentzat. Horren adibide da Karmele Mitxelenarekin ipuin kontaketak antolatu dituztela etxeko txikienentzat. Gertatutakoa berriz ere ez errepikatzeko funtsezko osagaia baita gazteenek ere jakitea zer gertatu zen garai batean herrian zein Euskal Herrian.
Baina, ez da hor bukatzen aukera sorta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako ikasleentzat argazkietan oinarritutako aurkezpen proiekzioa antolatu dute. Ander Gillenea argazkilariak hiru hamarkadatan ateratako argazkiekin Gure historiako pasarteak izeneko bilduma osatu zuen, eta orain, Maider Galardi ikerlari eta kazetariak begirada feminista txertatu dio hari. Hortaz, elkarrekin Oiartzun herrirako proposamen bat ondu dute udalaren enkarguz. Lanaren emaitza ikustera bertaratuko dira Elizalde eta Haurtzaroko DBH4ko ikasleak, eskola orduetan.
Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan Gillenearen zenbait irudi daude, baina ez dira horiek bilduma osatzen duten guztiak, amu bat dira. Hilaren 17an egingo dute Gilleneak eta Galardik Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira argazki proiekzioa, eta bertan ehun argazki inguru proiektatuko dituztela jakinarazi dute. Hortaz, pleno aretoan daudenak astelehenean ikusiko diren adibide batzuk baino ez dira. Erakusketa hori ikusgai dago dagoeneko, eta hilaren 23ra arte (igandea da) egongo da ikusgai Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan. Astekari honetako azala eta ezkerreko irudia Gillenearen argazki bilduma horretako irudiak dira. Ondoko irudia Olaia Kastresana ETAko kidearen hiletako argazkia da, 2001ean, Donostia, eta, azalekoa, 2015ean Gasteizen egindako herri harresikoa.
Horretaz guztiaz gain, Mendiburuk zein Mitxelenak jakinarazi dute prestaketak herriko bestelako eragile batzuen elkarlana ere bilatu dutela, “bai kultura eta memoriaren eremuan aritzen direnena zein ikastetxeena”. Gainera, kontatu dute kontuan hartu dituztela beste eragile batzuk “arrakastaz” sustatutako egitasmoak, biharko (hilak 15) ipuin kontaketa edota osteguneko (hilak 20) zine saioa.
Herriko zenbait osagai elkartuta, beraz, horra emaitza: Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea zikloa. Hiru astetan barna izango dira herrian ekitaldiak, eta hurrengoa bihar (hilak 15, larunbata) izango da. Karmele Mitxelenak idazle eta sortzaile oiartzuarrak hiru urtetik gorako haurrentzat ipuin kontaketa saioa egingo du, eta bertan Amonaren kea eta Beroki gorria ipuinak kontatuko dizkie etxeko txikienei. Arratsaldeko bostetan izango da saioa, eta Oiartzungo Udaletxeko pleno aretora bertaratu beharko da ipuin kontaketa entzun nahi duen bizilagun oro.
Egitaraua
Hitzaldia
• Hilak 19, 18:30, pleno aretoa. ‘Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak eta erresistentziak. Begirada feminista bat indarkeriazko zikloari’. Hizlaria: Maider Galardi.
Argazki proiekzioak
• Hilak 17, 18:30, Landetxe. ‘Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira’. Ander Gillenea eta Maider Galardi.
• Hilak 27, goizez, DBH4ko ikasleekin. ‘Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira’. Ander Gillenea eta Maider Galardi.
Filma
• Hilak 20, 19:00, Landetxe. Mujeres fusiladas. La memoria ausente.
Ipuin kontaketa
• Hilak 15, 17:00, pleno aretoa. Amonaren kea eta Beroki gorria Karmele Mitxelenarekin (3 urtetik gorakoentzat).
Erakusketa
• Hilaren 23ra arte, pleno aretoa. ‘Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira’. Ander Gillenea eta Maider Galardi.
