Hondakinen kudeaketaren inguruko proposamen berriak adostu dituzte EAJ eta EH Bilduk
Jakinarazi dutenez, "birziklatze maila hobetzen jarraitzeko" eta herritarrei "baliabide erosoak" eskaintzeko erabakiak hartu dituzte.
EAJk proposatua, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko batzordea eratu zuten gobernu taldeak eta oposizioak, eta haren helburua izan da neurri egokiak eta errealistak proposatzea herritarren erosotasuna eta kostu publikoa arduraz kudeatzeko. Bide horretan, alderdi politikoek diote “birziklatze maila onak” lortzen direla Oiartzunen, eta Europako zuzentaraua dela hondakinen kudeaketan ezinbestea errespetatu beharreko markoa. Gauzak horrela, udaleko bi alderdi politikoek gai horretan ere elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute.
Oiartzungo Udalak jakitera eman duenez, hondakinen kudeaketa osoa berraztertu du “hobekuntzarako pausoak zehaztu eta defizitaren karga guztia herritarren lepo ez uzteko”. Ala, azpimarratu dute hondakinen kudeaketan industriaguneetako bilketa ere sartzen dela. Zerbitzu hori San Marko mankomunitatearen bidez egin dute orain arte, baina udalak azaldu du zerbitzuaren kudeaketa berreskuratu duela poligonoetako bilketa “eraginkorragoa” izan dadin eta horrek eragina zuelako defizitean.
Bide horretan, honakoak dira udalean landu dituzten arloak:
- Etorkizunean sortzeko besteko tasa jarri ahal izateko pausoak: papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan ateratzea. (Abendutik aurrera zabalduko dute aldaketa herrira, eta xehetasunak datozen egunetan zabalduko dituzte).
- Etxeko olioa biltzeko sistema eraginkorrago eta erosoago bat jartzea. (Abenduan jarriko dute martxan berrikuntza).
- Poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketa udalak berreskuratu eta optimizatzeko neurriak hartzea.
- Amiantoa duten instalazioen errolda egitea.
Aipatu dutenez, elkarlan horren bidez udal baliabideak egoki erabili eta herritarren erosotasuna lehentasun gisa mantenduz, udalak berretsi du hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoa “trantsizio ekologikoan eta kudeaketa arduratsuaren arloan Oiartzun etorkizuneko herri aitzindarien artean kokatzeko”.
Birziklatze maila %80koa da
Oiartzunen, hondakinen %80 birziklatzen da, eta, horrek, herria, birziklatze maila altuenetakoa duen herrien artean kokatzen du. Diotenez, Europako legediak 2035erako aurreikusten dituen birziklatze mailak Oiartzunen 2010etik betetzen dira, herrian atez ateko bilketa sistema jarri zutenetik, alegia.
Datu horren aurrean, pozik agertu da udala: “Zentzu horretan zoriontzekoa da herritarren konpromisoa eta, trantsizio ekologikoaz hitz egiten den garai hauetan, aitzindaria izan da Oiartzungo hondakinen kudeaketa politika”.
Europako legedia
Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2018an berritu zuten 2008/98/CE zuzentaraua, eta 2022an garatu zuen Espainiako legeak Europako araudia.
Arau horien arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek hondakinen kudeaketan helburu desberdinak lortu beharko dituzte, eta, bi dira garrantzitsuenak:
- 2035erako gutxienez hondakinen %65 birziklatzea.
- 2035erako hondakinen bilketa zerbitzua ezin da defizitarioa izan erakunde publikoentzat; hau da, kudeaketak dakarren kostua herritar eta enpresek ordaintzen dituzten tasen bidez bildu behar dute.
