Pontika, Luis Mariano eta Igantzi lotuko dituen igogailuaren lanak, hastear
Oinezkoen irisgarritasuna eta konektibitatea hobetuko dituen esku hartzea 2023ko Irisgarritasun Planean jasotako ekintzen barruan kokatzen da.
Pontika_, Luis Mariako, Igantzi igogailua Pontika, Luis Mariano eta Igantzi lotuko dituen hiri igogailuaren lanak datozen egunetan abiatuko dituela jakinarazi du udalak. Oinezkoen irisgarritasuna eta konektibitatea hobetuko dituen esku hartzea 2023ko Irisgarritasun Planean jasotako ekintzen barruan kokatzen da eta “urrats garrantzitsua” dela Pontika – Luis Mariano – Igantzi oinezkoen ardatz berria sortzeko nabarmen jarri du udalak. 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako konpromisoa da igogailu hori.
Bi fasetan eraikiko da. Lehen fasean, hiri-igogailu berri bat eraikiko da, eta oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat egingo da Pontika eta Beraun (Luis Mariano) auzoen artean. Lehen fase horretan, etorkizuneko bigarren igogailura sartzeko plataforma, euste hormak eta egituraren zimenduak eraikiko dira, eta idazketa fasean dagoen proiektuaren bigarren fasea, prestatuko da.
Lanak Urbicolán S.L. enpresari esleitu zaizkio. Aurrekontua 1.181.070,47 eurokoa da eta obrak egiteko epea urtebetekoa, gutxi gorabehera. Obrak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza izango du, 402.286,89 euroko ekarpena egingo baitu.
2024ko uztailean ezohiko auzo batzarra egin zen Igantzin eta bertan Udalak orain arte aztertu dituen alternatiba ezberdinak landu ziren. Bilera horretan argi geratu zen Igantzi eta Pontika lotzeko alternatibak piztu zuela interes gehien. Bilera horretatik aurrera, behar desberdinak “bateratuko zituen” eta ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emango zien “irtenbide bateratu eta integrala” lantzeko konpromisoa hartu zela adierazi du udalak, “afekzioak minimizatuz eta igogailu berriak ingurunean integratuz”.
Proiektuaren emaitza aurtengo martxoan aurkeztu zen publikoki eta, xehetasunak zehaztu eta obren lizitazio prozesua osatu ondoren, lanak datozen egunetan hasiko dira.
