Eider Saez abeslaria, Kuadrillategiko hurrengo gonbidatua
Hilaren 21ean (ostirala) Lezoko gazteekin egingo du egonaldia, eta, hilaren 28an (ostirala), berriz, Pasaiakoekin.
Eider Saez Instagrameko irudi batean. Andoni Clavo Eider Saez musikaria Kuadrillategiko gazteekin bilduko da datozen egunetan Lezo eta Pasaian.
Eskualdeko gazteei euren gustuko erreferente euskaldunekin hitz egiteko eta egoteko aukera eskaintzea dira Kuxkuxekoak egitasmoaren helburuetako batzuk. Kuadrillategin bertan edota, oro har, bestelako egitasmoren batean dabiltzan eskualdeko lau herrietako gazteei (12-18 urte artekoak) zuzendutako eskaintza da.
Jarduera honetako hurrengo protagonista Eider Saez abeslaria izango da, eta eskualdean bi hitzordu egingo ditu: lehen saioa hilaren 21ean egingo du, Lezon, eta bigarrena, haatik, hilaren 28an, Pasaian.
Hitzordu horietan gonbidatuek euren ibilbide profesionalaren zein bizipen pertsonalen berri ematen dute, eta gazteek eurei galderak egiten dizkiete.
