Herriko ikasleak, udaletxeko protagonistak egun batez
Eskolako Agenda 2030aren barruan uraren gaiarekin landutako proposamenak aztertu dituzte gaur ikasleek Aizpea Otaegi alkatearekin. Egindako proposamen guztietaik bi ekintza adostu dituzte.
Pleno aretoa bete dute ikasleek. Saio ezohiko eta berezia jaso du gaur Errenteria-Oreretako udal pleno aretoak. Herriko ikastetxeetako zenbait ikasle bertan izan dira Aizpea Otaegi alkatearekin zein teknikari eta zinegotziekin, Eskola Agenda 2030 programaren barruan egin dituzten azken urratsen berri emateko. Emankorra izan da saioa, gazteak izan dira protagonista nagusiak, gaiarekin jakinmina dutela erakutsi baitute saioan zehar zein bukaerako galdera errondan.
Lehenik eta behin, udaletxearen funtzionamenduaren berri jaso dute denek: erabakiak hartzeko moduak, antolaketa nolakoa den, nork duen proiektuekiko ardura… Politikari, teknikari eta herritarren arteko ezberdintasunak eta profil bakoitzak udalean duen rola ere ezagutu dute, hainbat galderari hiru hauetako batekin erantzun baitiote gazteek.
Ura izan da gaur landutako gaia. Eskolako Agenda 2030aren barruan, azken hiletan Garapen Jasangarrirako Helburuaren diagnostikoa egin dute, adin guztietako ikasleen partaidetzarekin. Herriko egoera aztertu eta hobekuntza proposamenak egin dituzte orain arte. Besteak beste, iturrien, ibaien edota ur kontsumoaren gainean zituzten kezken inguruan aritu dira gaur. Datorren urtean ekingo diote esku hartze planari, orain arte jasotako proposamenak oinarri hartuta.
Ikasleek egindako proposamen guztietatik bi ekintza nagusik jaso dute babes gehien. Batetik, zenbait azoka egunetan herritarrei informazioa helaraztea erabaki dute, gaiarekin sentsibiliza daitezen. Bestetik, eta arrakasta gehien jaso duen proposamena, eskolen artean ibai garbiketak egitea izan da. Bi ekintza hauek “gure herria hobetzeko helburuarekin” bideratuko dituzte, eta asmoa abendutik martxora bitarte egikaritzea da.
Egitasmoaren gaineko xehetasun gehiago, lotura honetan.
