Azkuene parkea garbitzen eta berritzen ari da udala
Eremu horretan, gainera, gune naturalizatu berri bat sortu da, eta haur eta gazteei begirako jolas elementu informalak, egonlekuak, mahaiak eta bankuak jarri dituzte.
Pasaiako Udala Trintxerpeko Azkuene parkea garbitzen eta berritzen ari da. Eremu horretan, gainera, gune naturalizatu berri bat sortu du udal erakundeak, haur eta gazteei begirako jolas elementu informalak, egonlekuak, mahaiak eta bankuak jarriz.
Udalak jakinarazi du honakoa interbentzio oso baten lehen fasea izan dela. Aurreko astean parkearen inguru guztia hidrogarbitzen hasi ziren, lurra egoera onean uzteko. Mantentze lan horiek azken urteetan zuhaitzetatik eroritako zikinkeriak sortutako melaza ezabatzeko helburua dutela adierazi du udalak. Horrez gain, datozen asteetan parkeko jolaslekuko kautxuzko zorua aldatuko dute, eta jolas elementu batzuk aldatu eta beste batzuk konponduko dituzte, parkea berritzeko helburuarekin.
Udalak 36.000 euro bideratu ditu jarduketa horietara. Kautxuzko zorua aldatzeko eta zenbait elementu konpontzeko, 20.000 euro gehiago inbertituko ditu udal erakundeak.
Azkuenekoaz gain, udala beste parke batzuk berritzeko lanak egiten ari da. Esaterako, Zamatete haur parkean jolas elementuak aurreikusi eta konponduko dituzte. Orotara, 2.000 euro bideratuko dituzte lan horietara.
