Musika Banda eta Pirata eskutik, Santa Zeziliaren omenezko kontzertuan
Kontzertu horretan, musika ibilbidean mende laurdena bete duten Jaione Franco, Miren Linazasoro, eta Idoia Martin musikariak, eta Alain Aierdi zuzendaria omenduko ditu bandak.
Mitxelena, Gartzia eta Pirata gaur kontzertua aurkezten. Entzungarria izango da, ez da zalantzarik. EMKE Musika Bandaren eskutik datorren denaren moduan, Santa Zeziliaren harira ostiralerako, hilak 21, ondu duen emanaldia ere handia izango da eta ez du inor epel utziko. Gonbidatu izarra du gainera, kontzerturako: Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata saxofoi jotzaile eta artista polifazetikoa. Bakarlari gisa ariko da ostiraleko kontzertuan. Baina bada beste berezitasunik. Kontzertu horretan, musika ibilbidean mende laurdena bete duten Jaione Franco, Miren Linazasoro, eta Idoia Martin musikariak, eta Alain Aierdi zuzendaria omenduko ditu bandak.
Gaur aurkeztu dute ostiraleko kontzertu berezia Josu Mitxelena EMKEren presidenteak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Luis Mari Moreno Urretabizkaia Piratak. Ostiralekoa, Aierdik eta Piratak eskuz esku prestatutako kontzertua, “demasa” izango dela adierazi du Mitxelenak, “oso modernoa da, joko duten zaharrena 1936ko obra bat da, William Waltomen Crown Inperial, eta horrekin batera Pedro Iturralderen Czarda, Satoshi Yagisawaren The bells of sagrada familia, eta ixteko, Eric Whitacreren Godzilla Eats Las Vegas joko dituzte”.
Whitacreren lanari egin dio erreferentzia, “obra hori erokeria da, musikalaren doinuak beldurrezko musikarekin uztartzen ditu, ikusgarria, dibertigarria eta batez ere jotzeko oso zaila da. Kontzertu osoa izango da jotzeko zaila, exijentea”. Puntu horretan, musika bandaren osaketari egin dio begirada Mitxelenak, “kontzertu hauek egin ahal ditugu, oraintxe bertan bandan dugun mailagatik; gazte pila dago, ikasketetan buru belarri sartuta daude eta horrek maila aso igo eta errazten du. Oso fresko daude eta une honetan oso orekatua dago. Gorabeherak izaten dituzte bandek, gu une honetan igotzen ari gara, oso goran gaude, gero agian etorriko zaigu beherakada. Baina une honetan horrelako programa exijentea jotzeko moduan dago”.
“Banda etxea da”. Hala esan du Piratak, EMKE Musika Bandarekin etxean sentitzen delako, “bertan hasi nintzen eta nire garaian gazteon helburua bandan jotzea zen, 12-13 urterekin horri begira ginen postu bat lortu nahian barruan”. Kontatu du Iturralderen Czarda Helmugan proiektuaren barruan jo duela uztailean eta lana muntatuta zegoenez proposatu ziola Aierdiri bandarekin batera jotzea. ez da EMKEren Musika Bandarekin ariko den lehen aldia, duela 20 urte egin zuen kontzertua: “Sekulakoa da etxean jotzea. Santa Zezilia kontzertua, gainera, musikarientzako kontzertua da, oparia musikarientzat. Banda une oso onean dago, aukeratutako lanak ez dira jotzeko errazak eta entzuteko errazak badira ere, adi entzutekoa izango da”.
Izaera propioa duten emanaldiak direla gaineratu du Mitxelenak, eta horietako bat dela Santa Zeziliakoa.
Gartziak Bandak gero eta maila handiagoa duela jarri du nabarmen, “eta gero eta jende gehiago erakartzen duzue emanaldietara. Zoriontzekoa da hori, banda altxorra da gure herriarentzat, baita Pirata ere; musika arloan maila altua dugu herrian”. Eskerrak eman dizkie Gartziak udalaren izenean, “jakin badakidalako ordu pilako lana dagoela emanaldiaren atzean”. Zoriondu ditu bestalde, Jaione Franco, Miren Linazasoro, eta Idoia Martin musikariak, eta Alain Aierdi zuzendaria urteurrenarengatik.
Kontzertua doakoa izango da, Fatimako elizan, 20:00etan; parte hartzera deitu dute, “benetan, mereziko du”.
