Santa Zeziliak San Pedro musikaz blaituko du larunbatean
Hilaren 22a Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindaria, eta udalak, Pasaia Musikalek eta Juanje Neira eskolak kalejira eta ekitaldi musikatua antolatu dituzte San Pedron.
Hilaren 22a (larunbata) Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindariaren eguna. Aurten ere Pasaia musikaz jantziko da, eta Pasaiako Udalak, Pasaia Musikalek eta Juanje Neira Musika Eskolak zenbait jarduera antolatu dituzte San Pedron.
Iazko emanaldiak Trintxerpen egin ondoren, aurten San Pedrora lekualdatu dituztela jakinarazi du Laura Ré Kultura zinegotziak. Santa Zezilia eguna Pasaiako kultur izaera agerian jartzeko “aukera paregabea” dela adierazi du udal hautetsiak: “Musikak lotzen gaitu, eta egun hau probestu nahi dugu Pasaiako eragileen ahalegina eta talentua aitortzeko”.
Larunbaterako bi jarduera programatu dituzte. 17:00etan kalejira aterako da Torreko plazatik. Bertan, herriko musikariek, elkarteek, eragileek eta herritarrek hartuko dute parte, eta, denek batera, San Pedroko kaleak hartuko dituzte. Hauxe izango da kalejiraren ibilbidea: Torreko plaza, San Pedro kalea, Pasaman Alarguna, Morales Oliber plaza, Frontoiko Zumardia, Markina Ingeniariaren kalea eta San Pedroko eliza.
Kalejiraren ibilbidea barrutiko elizan bukatuko da, eta, 17:45ean, ekitaldi musikatua hasiko da. Ekitaldian Pasaia Musikalek, Illunbe Musika Bandak, Illunbe Txistu Taldeak, Sorginarri Txistu Taldeak, Itsasmendi Txistu Taldeak, Lamiak Dantza Taldeak, Lintxua Dantza Taldeak, Alkartasuna Dantza Taldeak, Tirri Tarrak, Pasaiako Erraldoiek, Pasai Antxoko Gaiteroek eta Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskolak hartuko dute parte. “Gure herriko eguneroko kultur jarduna posible egiten duten eragile eta elkarteen arteko elkarlana zuzenean ikusteko aukera polita izango da hori”, esan du Rék.
