Eskola etenaldira deitu du Ikama gazte antolakundeak, A25ean
Oarsoaldea eta Bidasoko ikastetxeetan deitu du protestara Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira; elkarretaratzera deitu du, Errenteria-Oreretan Ikama gazte antolakundeak.
Ikamaren aurreko protesta bat. Estrukturala da indarkeria matxista, bizitzaren erpin guztiak zipriztintzen ditu, baita ikasleak ere ema,ume izate hutsagatik. Hala salatu du Ikama gazte antolakundeak, eta horrenbestez, protestara deitu ditu ikasleak A25ean, asteartea. Oarso eta Bidasoko ikastetxeetara zabaldu du protestarako dei hori, eta elkarretaratzera deitu du Errenteria-Oreretan, 12:00etan, Herriko Plazan.
Protesta hori, emakumeek sufritzen duten egoera salatzeko modua dela adierazi du, “neska ikasleak nazkatuta gaude emakume izate hutsagatik jasotzen dugun zapalkuntzaz”. Indarkeriaren aurrean ezin dutela isildu gaineratu du Ikamak, erantzunik gabeko erasorik ez dela izango. Emakumeak bigarren planoan mantentzearen gainean kritiko azaldu da, eta horrenbestez, borroka feminista lehen lerroan jartzeko garai dela esan du, “martxan izan da ikasleria feminista, martxan da orain, eta martxan jarraituko du etorkizunean ere, eta autodefentsa feminista da gure borrokarako tresna”.
Zisheteroptatriarkatua eta kapitala jo mugan jarri ditu gazte antolakundeak, neska gazteen eskubideak zanpatzen dituztelakoan, eta gizartearen “txotxongilo” bihurtzen, “gizon heterosexualen eskuek mugitzen gaituzte, eta emakume eta gorputz disidenteak argi diogu, nazkatuta gaude”. Errenteria-Oreretako Herriko Plazan Nazkatuta gaude! lelopean antolatu duen elkarretaratzera deitu ditu azkenik ikasleak: “Neska ikasleok pairatzen ditugun egoerak salatzeko, ezin dugulako gehiegikeri hau onartzen jarraitu”.
