Abendutik aurrera hasiko dira hondakinen bilketako berritasunekin
Oiartzungo Udalak aldaketa horien xehetasunak eman ditu. Nobedadeen artean daude olioa biltzeko sistema berria eta rafiazko poltsak.
Iragan astean jakinarazi zuen Oiartzungo Udalak birziklatze maila hobetzen jarraitzeko akordioa egin zutela bi udal taldeek Trantsizio ekologikoan eta etorkizunean jarri dute begirada EAJ eta EH Bilduk proposamen berriak adosterakoan, eta diotenez hondakinen kudeaketa “osoa” berraztertu eta hobekuntzarako pausoak zehaztu dituzte.
Gaur, baina, abendutik aurrera martxan jarriko dituzten berrikuntzak zein diren jakinarazi dute. Berrikuntza horien artean lehena etxeko olioa biltzeko “sistema erosoa” da, eta hori abenduaren 9an jarriko dute martxan. Oraindik herrian olioa jasotzeko auzoetan dauden edukiontziak makina “berri eta txukunekin” ordezkatuko dituzte, baina garbigunean dagoena mantenduko dute.
Olioa biltzeko sistema berria
Udalak, beraz, olioa jasotzeko poto bereziak banatuko ditu. Poto horiek makinan olio erabiliarekin utzi eta zuzenean poto berri huts bat aterako da. Beraz, ontzi horiek baino ezingo dira erabili makina horietan.
Olio ontzi berria rafiazko poltsekin batera banatuko dute; alegia, etxe bakoitzeko bat. Horiek, baina, Herritarren Arreta Bulegoan ere eska daitezke.
Rafiazko poltsak
Beste berrikuntzetako bat da papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan atera beharko direla “etorkizunean sortze besteko tasa jarri ahal izateko”. Etxe bakoitzeko zenbakia duten rafiako poltsa urdin eta horiak banatuko ditu udalak.
Poltsek 34 litroko edukiera dute, eta hondakinak bertara bota eta etxe bakoitzak bere zenbakiko zintzilikarioan utzi beharko ditu. Ontzi arinen kasuan, aukera egongo da rafiazko poltsaren barruan ontziak plastikozko beste poltsa batean sartuta ateratzeko.
Aldaketa hori abendutik aurrera zabalduko dute herrian, auzoz auzo, modu progresiboan. Rafiazko poltsak jasotzen lehenak Elizalde auzokoak izango dira; horiek abenduaren 15etik aurrera atera beharko dituzte papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan.
Egun hauetan zabalduko dute sistema berria auzoetan (informazio puntuetako ordutegia 17:00etatik 19:00etara da):
- Elizalde: abenduak 15 (informazio puntua abenduak 12, Doneztebe plazan).
- Iturriotz: urtarrilak 19 (informazio puntua urtarrilak 16, auzoko frontoian).
- Arragua: otsailak 2 (informazio puntua urtarrilak 30, auzoko frontoian).
- Altzibar: otsailak 16 (informazio puntua otsailak 13, auzo lokalean).
- Ugaldetxo: martxoak 2 (informazio puntua otsailak 27, Kalexa plazan).
- Ergoien: martxoak 16 (informazio puntua martxoak 11, Auzokalten).
- Karrika: martxoak 16 (informazio puntua martxoak 12, auzoko plazan).
- Gurutze: martxoak 16 (informazio puntua martxoak 13, auzoko frontoian).
Berrikuntza martxan jarri aurreko astean utziko ditu udalak rafiazko poltsak etxe bakoitzeko zintzilikarioan. Etxe bakoitzeko poltsa urdin eta hori bana banatuko da –familia ugarien kasuan bi–, eta HAZ-en bigarren bat eskatzeko aukera egongo da. Era berean, hondakinak aportazio guneetara eramaten dituzten baserriek ere aukera izango dute poltsa horiek eskatzeko. Horiek, baina, bakoitzaren auzoko informazio puntura joan beharko dute.
Egun haizetsuetan arazorik egon ez dadin, zintzilikarioetako gantxoak egokitu dituzte auzo bakoitzean rafiazko poltsen aldaketa martxan jartzen denerako.
Azkenik, udalak jakinarazi du 2026ko udaberrian poligonoetako lanketa egingo duela, eta industriaguneetako hondakinen bilketa bere gain hartuko duela.
