Antxoko bandaren eta Jose Ignacio Elortegiren ibilbideak goratu dituzte
Larunbatean Santa Zeziliaren bueltako jarduerak egin zituzten San Pedron. Ekitaldian Pasai Antxoko Bandaren mendeurrena eta Jose Ignacio Elortegiren ekarpen musiko-kulturala errekonozitu zituzten.
Hilaren 22a Santa Zezilia eguna izan zen, musikarien zaindaria. Aurtengo Santa Zeziliako ospakizunak San Pedron egin dira, eta Pasaiako Udalak, Pasaia Musikalek, Juanje Neira Musika Eskolak eta herriko eragileek zenbait jarduera egin zituzten larunbatean, musika ardatz.
17:00etan kalejiran atera ziren Torreko plazatik, eta herritarrek, elkarteek eta eragileek barrutiko kaleak hartu zituzten. Ibilbidea San Pedroko elizan bukatu zen, eta bertan hasi zen ekitaldi musikatua. Lehenik, Antxoko Gaiteroek eta Pasaiako Erraldoiek hartu zuten protagonismoa, Vals violines pieza joz eta dantzatuz. Ondoren, Pasai Antxoko Banda omendu zuten, mendea bete baitu. Ondartxo elkartearen ordezkari gisa, Jose Ignacio Elortegik bandak betetako ehun urteak goratu zituen. Elortegik berak eta Pasaia Musikaleko Gorka Mirandak oroigarri instituzional bat eman zioten Txema Hernandez lehendakariari.
Pasai Antxoko Banda omendu ondoren, Illunbe Bandak eta Tirri Tarrak Vasconia pieza interpretatu zuten. Antxoko banda ez zen omendu zuten bakarra, Jose Ignacio Elortegiren ekarpen musiko-kulturala ere errekonozitu baitzen. Elortegik sorpresaz eta hunkituta jaso zuen aitortza, parrokia osoaren txalo zaparradarekin.
Udalaren izenean, eskertza berezia egin zion Miren Murua zinegotziak Elortegiri. Pasaia Musikalen izenean Juanje Neirak plakatxo bat eman zion, EH Bilduko Miren Muruak eta Laura Rék txapela eta ardo botila bat eman zizkioten, EAJko Loreto Osak zapia jarri zion eta PSE-EEko Lore Suarezek lore sorta eman zion. Tirri Tarrak eta Lamia Dantza Taldeak eskultura bat eta beste txapel bat eman zizkioten Elortegiri. Oroigarriak eman ondoren, aurreskua dantzatu zuten, Itsasmendi Txistu taldearen doinuekin.
Ekitaldia bukatzeko, bertaraturako guztiek Regatas de San Sebastián kanta abestu zuten, eta San Pedroko auzokideek beste zapi bat eman zioten Elortegiri. Bukaeran, familia argazkia atera zuten denek.
Ekitaldian Pasaia Musikalek, Illunbe Musika Bandak, Illunbe Txistu Taldeak, Sorginarri Txistu Taldeak, Itsasmendi Txistu Taldeak, Lamiak Dantza Taldeak, Lintxua Dantza Taldeak, Alkartasuna Dantza Taldeak, Tirri Tarrak, Pasaiako Erraldoiek, Pasai Antxoko Gaiteroek eta Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskolak hartu zuten parte.
