Errefortzuak HAZ bulegoetan, bertakoen txartelak banatzeko
Aparkalekuaren Ordenantzaren hirugarren eta azken faseko txartelen banaketa abiatu du udalak. Trintxerpe-San Pedroko HAZ bulegoan arratsaldeko errefortzuak jarri dira.
Pasaiako Aparkalekuaren Ordenantzaren hirugarren eta azken faseko txartelen banaketa abiatu du Pasaiako Udalak. Horretarako, Trintxerpe-San Pedroko HAZ bulegoan arratsaldeko errefortzuak jarri ditu udalak. Errefortzuak gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak bermatzeko, beste barrutietako bulegoetan murrizketak ezarri beharko direla jakinarazi du udal erakundeak. Hauexek dira HAZ bulegoen ordutegiak eta murrizketak:
Asteartea: abenduak 2
- Antxo: 08:00-14:00.
- Donibane: 08:00-14:00.
- Trintxerpe-San Pedro: 08:00-18:00.
Asteazkena: abenduak 3
- Antxo: 08:00-14:00.
- Donibane: Itxita.
- Trintxerpe-San Pedro: 08:00-14:00.
Osteguna: hilak 27 eta abenduak 4
- Antxo: Itxita.
- Donibane: 08:00-14:00.
- Trintxerpe-San Pedro: 08:00-18:00.
Ostirala: hilak 28 eta abenduak 5
- Antxo: 08:00-14:00.
- Donibane: 08:00-14:00.
- Trintxerpe-San Pedro: 08:00-14:00.
Txartela jasotzeko prest duten bizilagunek SMS mezu bat jasoko dute eskaeran zehaztutako telefono zenbakian, abisu horren berri emanez. Udalak iragarri du mezua jaso duen norbaitek ezin badu bulegora bertaratu, beste pertsona bat joan daitekeela haren ordez. Kasu horretan, leihatilan bi dokumentu aurkeztu beharko direla adierazi du udalak: ahalordetza dokumentua behar bezala beteta eta eskatzailearen NAN fotokopia, bi aldeetatik.
Hirugarren faseak Trintxerpe, San Pedro eta Donibane osoari eragingo die, eta gune horien inplementazioa abenduaren 15ean abiatuko dela aurreratu du udalak. Aurreko fase eta guneetan egin bezala, gaizki aparkatuta dauden ibilgailuei abisu ohar ez zehatzaileak ezarriko zaizkiela jakinarazi du udal erakundeak. Bizilagunen egokitzapena errazte aldera, udalak baietsi du ez dela salaketarik jarriko 2026ko urtarrilaren 9ra arte.
Urtarrilaren 9tik aurrera, baina, isunak jarriko zaizkie abenduaren 15a baino lehen txartelaren eskaera egin ez duten edo horretarako eskubidea ez duten ibilgailuei, baldin eta gaizki aparkatuta badaude. Udalak zehaztu du txartel zaharra duten bizilagunek ere baimen berria eskatu behar dutela, aurreko horrek ez baitu balio ordenantza berrian.
