"Kolektibo gara, itxaropena gara, etorkizuna gara"
Indarkeria sostengatzen dutenei, eta haien konplizeei, konplizitate sare feministekin erantzutera deitu du Oreretako Mugimendu Feministak, Azaroaren 25aren harira egindako mobilizazioan.
Kalea hartu dute indarkeria matxistari aurre egiteko. Dozenaka lagunek egin zuten bat atzo Oreretako Mugimendu Feministak deitutako manifestazioarekin. Clara Rangel plazatik abiatuta, euria eta giro makurra gorabehera, lau haizetara zabaldu zuten indarkeria matxistaren eta hura betikotzen dutenen kontrako oihua. Agirre Lehendakariaren plazak hartu zuen atzoko protestaren bukaera ekitaldia eta Wafa Idrisi egin zioten aipamena lehenik. Erizain, militante palestinarra eta Palestinako erresistentziaren kide izan zela Idris ekarri zuten gogora, eta 2002an bere burua leherrarazi zuela Jerusalemen Palestinak bizi duen kolonizazio eta sarraskiaren kontrako ekintza batean: “Horrelako ekintza bat egin zuen lehen emakume palestinarra izan zen Idris. Emakume izanik, banandua izatearen, ama ez izanaren, eta bere herria egunero odoletan ikustearen zama zeraman gainean. Biolentzia eta gerraz jositako mundu zabal honetan, askatasunaren alde izan diren, diren eta izango diren emakume borrokalari guztiak omendu nahi ditugu”.
Wafa Idrisi aipamena eta aitortza, munduko Wafa guztiak omentzeko, eta Palestinari arnas atzoko ekitaldi horren hasieran. Eta Wafa Idrisen memoria ohoratzeko Wafa kanta abestu zuten bi musikarik.
Alicia, Miriam, Pilar, Mercedes eta Yoanna. Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hil dituen sei emakumeen arteko bosten izenak dira horiek. Zenbakietatik harago, izenak, abizenak, biziak daudelako: “Bikotekide, senar eta semeek hilda bizitza zikloa eten zieten 84, 36, 50, 78 eta 53 urteko emakumeei, emakume izate hutsagatik, bizi osoa hil zituzten haien zaintzan emanda”. Maitasunez oroitu zituzten atzo eta agindu, ez dituztela bakarrik utziko, “besarkada bana senide eta lagunei”.
Azaroaren 25a eta beste behin ere kalean izan ziren, sistema patriarkal, kapitalista, kapatizista, arrazista eta koloniala hamarkadetako soka luzean sortzen dituen indarkeriak salatzen berriro, “hamaika emakume hiltzen dituena, munduaren populazioaren erdia egunerokoan biolentatzen duena, eta beste asko-asko prekarietatera eta terrorera kondenatzen dituena zaurgarrien egiten dituen trans pertsonei, migratuei, aniztasun funtzionala duten emakumeei oinarrizko eskubideak ukatzen jarraitzen duen sistema”.
Eskuin muturrari eta faxismoari ere aipamena atzoko manifestazioaren bukaera ekitaldian. Garaiak ez direla “errazak” jarrera erreakzionarioen gorakada nabarmena den testuinguru betean adierazi zuten, “sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan” sumatzen dela jarrera hori jarri zuten nabarmen, “eta gure gorputzarekin, gure biziarekin ordaintzen dugu emakumeok. Mina ematen du gazteak eskuin muturraren jarrerekin alineatzea, mina ematen du feminismoa totalismoarekin lotzea”. Horiei guztiei, mezu argia mugimendu feministaren aldetik, “ez dugu onartuko. Adierazpen askatasun faltsua elikatzen duten faxismo modu berriei planto egingo diegu. Feminismoa produktu bihurtu nahi dute, gero desaktibatu ahal izateko. Ez dugu emandako aurrera pausuetan atzera egingo, gure askatasuna ez dago salgai”.
Erresistentzia feminista. Hori bidea indarkeria matxista ezabatzeko, eta horretarako deia atzoko protestan: “Segi dezagun antolatzen eta kaleak hartzen, segi dezagun autodefentsa feminista aldarrikatzen eta gauzatzen kaleetan, etxeetan, lantegietan, jai guneetan…”.
Indarkeria sostengatzen dutenei, eta haien konplizeei, konplizitate sare feministekin erantzutera deitu zuten azkenik: “Gu kolektibo gara, gu itxaropena gara, gu etorkizuna gara”.
Ekitaldia bukatzeko Emakumeen Etxeko kantu taldeak Canción sin miedo abestu zuten, eta abestutako izenen artean Nagore izena txertatu, Nagore Laffage Casasola gazte irundarra zena oroituz, baita Zutik emakumeak ere.
Beldurra aspaldi erantzi dute, sareak josi dituzte, eta zutik dira erresistentzia feministaren eskutik, indarkeria matxista eta haren konplizeak ezabatzeko.
