Lezoko Bidearen zozketa publikoa, astelehenean
1.000 euroko bi sari zozkatuko dituzte abenduaren 1eko 20:15ean Lezoko Bidea pasaportea bete eta entregatu dutenen artean.
Lezoko Bidea egitasmoa bukaerara iritsi da. Horren barruko zozketa publikoa abenduaren 1ean (astelehena) egingo du Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteak. Kultura Aretoak jasoko du ekitaldia 20:15ean: 1.000 euroko bi sari zozkatuko ditu elkarteak.
Lezoko Bidea Lezokoak-ek azken asteetan abian izan duen jarduera izan da, herriko dendetan erosketak egiteko, ostalaritza guneetan kontsumitzeko, eta zerbitzu establezimenduak baliatzeko. Hala, bonu edo pasaporte antzeko batean, kanpainarekin atxiki diren 38 negoziotan 5 eurotik gorako erosketa edo kontsumoa eginez gero zigilu antzekoa ematen zitzaien bonu horren jabeei; osotara 20 zigilurentzako tokia zuen pasaporteak. Ostalaritzako 10 zigilu, dendetako bost, eta zerbitzu establezimenduetako beste bost izan behar zituzten bonu horiek itsatsita entregatu ahal izan, eta abenduaren 1ean egingo den zozketan parte hartzeko eskubidea izateko. Azaroaren 15era arteko epea zuten lezoarrek 20 zigilu horiekin osatutako pasaportea entregatzeko.
Bada jada bonu guztiak jasota, zortea banatzeko garaia heldu da. Astelehenean, bi lezoar 1.000 euro aberatsago izango dira. Zozketa publikoa izango denez, herritar oro joan ahal izango da zuzenean zortedun nor izan den jakitera.
