"Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira"
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean elkarretaratzeak egin zituzten atzo Pasaian. Gizonen konplizitate sareak salatu zituzten, besteak beste.
Donibaneko elkarretaratzean bildu zirenen irudia. Atzo, Azaroak 25. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Pasaiako Mugimendu Feministak deituta elkarretaratzeak egin ziren arratsean Donibanen, Antxon eta Trintxerpen. Donibanekoan izan zen HITZA. Udaletxearen aurrean elkartu ziren indarkeria matxista salatzera hainbat herritar; aurretik, udaletxean egindako udalbatzarrean egunerako propio prestatutako agiria irakurri zuten. Plenoa bukatu ondoren herriko zinegotziek herritarrekin bat egin zuten herriaren etxearen aurreko elkarretaratze euritsuan. Elizako hil kanpaikaden doinupean egin zuten mobilizazioa.
Mugimendu feministako kideek egindako irakurketaren hasieran 2024ko Azaroaren 25etik Euskal Herrian indarkeria matxistak hil dituen sei emakumeak izan zituzten gogoan, bereziki iazko azaroaren 30ean Antxon hil zuten emakumea. “Pasaiako Mugimendu Feministak maitasun osoz gogoratzen zaituzte, ez zaituztegu bakarrik utziko. Besarkada bana senide zein lagunei”. Alta, indarkeria matxista ez dela ausazkoa nabarmendu zuten: “Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira”.
Emakumeen kontrako indarkeria askotarikoa dela azaldu zuten San Juango elkarretaratzean, eta bortxa hori sistematikoa dela, sostengurako egitura bat duela, “konplizitate eta anaidiak salatzera atera gara kalera”. Emakumeek egiten duten urrats bakoitzaren aurrean, aurrez aurre oldarraldi bat izaten dela adierazi zuten: “Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan; feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, mezu arrazistak…”. Alta, horien kontrako salaketa ekintzak boikoteatuak eta gutxietsiak izan direla salatu zuten, “hori egin dutenak inguruan ditugun gizonak dira”. Gizonak bakarrik ez; indarkeria matxista lehen mailako arazo dela aintzat hartzen ez duten eragileen egitekoa ere arbuiatu zuten.
Mugimendu feministaren borrokaren ildoak nabarmendu zituzten, emakumeen kontrako oldarraldiei aurre egiteaz gain, borroka horrek antiarrazista izan behar duela adieraziz: “Sistema arrazizta eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, atzerritartasun legea kasu”. Horri aurre egiteko erresistentzia feministaren alde egin zuten, kaleetan etxeetan, lantokietan, jai guneetan… “Erantzun diezaiogun indarkeria sostengatzen duten konplizitate sareei, horien aurka borrokatzen duten sare feministekin”.
Azaroaren 25ari lotutako ekitaldi gehiago daude datozen egunetan herrian. Beheko koadroan horien zerrenda.
Jarraian, HITZAk atzo jaso zuen argazki sorta eta bideoa. Trintxerpeko irudiak lortzear da hedabide hau.
Pasaiako Azaroaren 25aren harira antolatu diren jarduerak.
- Gaur (hilak 26, asteazkena) 17:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan, Emakume migratu pasaitarrak indarkeria sistemikoen aurrean izenburuko kulturarteko elkarrizketak emakume migratuen esperientziekin; 18:00etan, Antxoko Kultur Etxean, Hemen bai borroka egiten da dokumentalaren emanaldia eta solasaldia.
- Hilak 29. 11:00etan, Donibaneko Juanba Berasategin, A25: ispiluarekin adiskidetzen tailerra.
- Hilak 30. 12:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan, Ni una menos poesia emanaldi musikatua hainbat sortzaileren partaidetzarekin.
- Abenduak 1. 17:30ean, Trintxerpeko alkateordetzan, Emakumeak eta aniztasuna: diskriminazioaren aurkako narratibak tailerra.
- Abenduak 4. 17:30ean, San Pedroko jubilatuen egoitzan, Indarkeria matxista. Bikotearen eredutik harago: familia indarkeria tailerra.
