'Ahanztura' bakarrizketa egingo du larunbatean Irati Muñozek
Larunbatean (hilak 29) egingo du estreinaldia, Landetxen, 19:00etan. Killirikupe eta Orgasmoren elkarlanaren emaitza da lana.
Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean eta indarkeriarik gabeko bizitza bizigarrien alde, bi ekintza antolatu dituzte Oiartzunen azarorako. Lehena azaroaren 25ean egin zutena izan zen, eta bigarrena larunbatean (hilak 29) izango da. Irati Muñoz izango da oraingoan protagonista, eta Landetxen Ahanztura bakarrizketaren estreinaldia egingo du, 19:00etan.
Muñozek berak azaldu duenez, proiektua Orgasmo eta Killirikuperen arteko elkarlan baten fruitua da. Duela hiru urte hasi ziren elkarlanean azaroaren 25aren harira pieza artistikoren bat egin asmoz, eta urte hartan Luix Mitxelenak, Udane Alberdik eta Muñozek berak egin zuten, plazan. Killirikupekoek emaitza ikusita, elkarlanarekin aurrera jarraitu nahi zutela esan zieten. Iaz, baina, Orgasmokoek Muñozi eman zioten proiektua, eta Zoittu izan zen lanaren emaitza. Aurtengoan ere bide beretik jarraitu dute, eta Muñozek berak hartu du proiektua ontzearen ardura.
Protagonistak berak azaldu duenez, bilera bat egin zuten Killirikupekoekin, eta askatasun handia eman bazieten ere sortzaileei, esan zieten Alzheimerraren gaia lantzea gustatuko litzaiekeela. Muñozek, beraz, lanari ekin zion, eta zer eta nola egin pentsatu zuen.
Sortzaileak, alabaina, kontatu du iaz Zoittu lanarekin “pena” izan zuela, antzezlana behin baino ez zutelako egin. “Nire buruari erronka jarri nion, eta erabaki nuen egingo nuen hurrengo lanak egun bateko bizitza baino luzeagoa izango zuela”. Eta, horra, bakarrizketa bat sortzea erabaki zuen oiartzuarrak, modu horretan lana mugitzeko aukera izango baitu.
Bakarrizketa sortzea, “erronka bat”
Azaldu duenez, bakarrizketa egitea “erronka bat” izan da, ez baitu sekula horrelakorik egin, baina gustura geratu da emaitzarekin.
Lana egiten hasterako, Muñozek berak azaldu duenez, ez zekien asko gaixotasunaren inguruan, eta beraz asko irakurtzen eta gaiaren inguruko dokumental “mordoa” ikusten pasa zituen egunak. Are, jendearekin ere hitz egiteko geratzen zen, eta gaixotasunarekin harremanen bat izan duten pertsonekin elkarrizketak egin ditu. “Egia esan prozesu horrek asko lagundu dit eta asko eskertu dut”.
Informazio nahikoa bildu zuenean idazten hasi zen, eta modu batera planteatu zuen bakarrizketa. Proiektuaren testua, baina, antzerki munduko laguna duen Sandra Aguerriri bidali zion hark begira zezan. Oiartzuna bertaratu zen iruindarra, eta entseatzen aritu ziren. Horrelako batean Aguerrik beste ideia bat eman zion Muñozi, eta horrekin jarraitu zuen aurrera. “Sandrari asko eskertu diot bere laguntza, asko lagundu dit prozesuan”, dio.
Egun pare bat baino ez dira geratzen estreinaldirako, eta protagonistak azaldu du orain interpretazioa lantzen ari dela, eta Landetxen ari dela entseatzen. Bide horretan, beraz, azaldu du “oso eskertuta eta oso pozik” dagoela lan hori egiteko “aukera eta lekua” eman diotelako.
Lanaren kartela Leire Mendizabalek egin du, eta egunean bertan argazkiak ateratzen Maialen Gil ariko da. Era berean, Muñozek aurreratu du estreinaldiaren egunean teaser bat grabatzen saiatuko direla.
Azkenik, kontatu du Landetxen estreinaldia egin ondoren bere asmoa dela bere pieza Euskal Herritik mugitzea. Emanaldirako sarrerak aurrez eskuratu behar dira, hemen.
