Lurdes Iriondo Mujika omenduko dute egunotan
Iriondo ardatz duen filma proiektatuko dute gaur, eta, bihar, berriz, haren inguruko emanaldi artistikoa egingo dute.
Lurde Iriondo Mujika hil zela hogei urte beteko dira aurten, eta oiartzuarrek “merezi duen” omenaldia egingo diote gaur eta bihar.
Gaur (hilak 27), esaterako, 19:30ean, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filma proiektatuko dute Landetxen.
Honakoa da filmaren laburpena: Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen, eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak.
Saio horretarako sarrerak erosi behar dira aldez aurretik, hemen.
Hori, baina, ez da musikaria omentzeko antolatu duten hitzordu bakarra, bihar (hilak 28) Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa emanaldi artistikoa egingo baitute Landetxen, 20:00etan. Emanaldi horretan Iriondoren pasarte nagusiak errepasatuko dituzte, baina antolatzaileek aurreratu dute ez dela hitzaldi bat izango. Oholtzan Jon Martin Etxebeste, Irati Odriozola Zugarramurdi, Ainhoa Ansa Zugarramurdi eta Garikoitz Amundarain Armendaritze ariko dira.
Emanaldi horretarako ere sarrerak eskuratu behar dira, hemen.
