22,8 milioi euroko aurrekontua izango du Oiartzungo Udalak 2026an
"Inoiz izan duten aurrekontu handiena" izango dute datorren urtean. Iazkoarekin alderatuta, 2,4 milioi euro gehiago izango dituzte.
Oiartzungo Udalak berriki jakinarazi du 2026an 22.831.411 euroko aurrekontua izango duela, eta “inoiz izan duen handiena” dela. Are, 2025. urteko aurrekontuarekin alderatuta, 2,4 milioi euro gehiago izango dituela aurreratu dute. Hortaz, udalak iaz baino %12 gehiago izango du “bereziki Europako diru laguntzak lortzeko egin duen lanari esker”.
Kontatu dutenez, asteazkeneko udalbatzarrean onartu zuten aurrekontua EH Bilduko hautetsien aldeko botoarekin, EAJkoak abstenitu egin baitziren.
Azaldu dutenaren arabera, legealdiko plangintzarekin bat lau arlok “aparteko garrantzitsua” dute aurrekontuan: kohesio sozialak (aurrekontuaren %12,64), ekonomia iraunkorrak eta ingurumenak (aurrekontuaren %8,11), kulturak eta euskarak (aurrekontuen %9,45). Alabaina, gehitu dute herriko ekonomia “bere osotasunean zaintzea” ere Oiartzungo Udalaren lehentasunetako bat dela. Bide horretan, herriko merkatari txikiak eta lehen sektoreko langileak laguntzeko programak eta herriko industria guneak “txukun mantendu eta hobekuntzak egiteko inbertsioak” ere jaso dituztela aurreratu dute.
Gauzak horrela, zenbait inbertsio egiteko 2.315.000 euro izango ditu Oiartzungo Udalak. Ildo beretik jarraituz, jakinarazi dute “herria hobetuko duten hainbat proiektu egiteko” diru partidak jaso dizutela 2026rako. Beste gauza batzuen artean, honakoak izango dira burutuko dituzten proiektuak:
- Altzibarko gune estalia eraiki
- Bidegorriko lotura berria Ergoienen eta hainbat hobekuntza egin
- Lanbarren industrialdea biziberritu
- Xorrola berria erosi
- Haur parke bat estali
- Liburutegia berritu eta ikasle gela berria egin
- Kiroldegia energetikoki efizienteagoa egin eta osotasun batean eraberritzen hasi
- Bizikletentzako aparkaleku estaliak sortu
- Komun publiko berriak egin
- Arditurriko meategiko irteera egokitu
- Espaloi eta errepideak hobetu
- Euskal Herria plazako aparkalekua berritu
- Altzibarren Arditurri Bide Berdeko interpretazio zentroa egin
- Bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat eguneko zentro sortu (Lezo eta Pasaiarekin batera)
- Hainbat herri bide konpondu
Proiektu horiek zehaztu badituzte ere, udalak dio aurrekontuaren zati handiena udal zerbitzu publikoak mantentzera edo hobetzera bideratuko dutela. Hartara, azpimarratu dute zerbitzuen funtzionamendu egokia eta etorkizunera begirako inbertsioak “oiartzuarren bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko konpromisoarekin” egiten dituela udalak. Ondorioz, herriko zenbait zerbitzurentzat diru partidak jaso dituzte:
- Gizarte ongizatea eta etxez etxeko laguntza zerbitzua: 2.182.282 euro.
- Haur eta lehen hezkuntzako funtzionamendua: 1.581.343 euro.
- Kirol instalazioak eta sustapena: 1.576.187 euro.
- Kulturaren sustapena, museoak, liburutegia eta ondarea: 1.545.994 euro.
- Edateko uraren etxez etxeko hornikuntza eta hondakin uren tratamendua: 1.040.252 euro.
- Ingurumena zaintzea: 818.454 euro.
- Euskararen sustapena: 611.840 euro.
- Gazteria saila: 453.487 euro.
- Xorrola eta Taxibus zerbitzuak: 446.591 euro.
- Enpleguaren sustapena eta enpresa garapena: 406.635 euro.
- Parkeak eta lorategiak: 269.250 euro.
