Dobleez osaturiko 'Paisaia paraleloak' erakusketa, Ehuntzen
Belen Moreno sortzaileak ondu du erakusketa, eta abenduaren 5era arte egongo da ikusgai Ehuntze sormen espazioan.
Belen Moreno Ehuntze sormen espazioan. Imanol Saiz Gomez de Segura 21 aulki egitasmoko protagonista dira Belen Moreno eta haren Paisaia paraleloak erakusketa. Marrazki zein zirriborroen aukeraketa bat da lan sorta, eta Ehuntze Sormen Espazioan dago ikusgai abenduaren 5era bitartean.
Sortzaileak berak azaldu duenez, marrazkiak teknika mistoekin sortutako estudioko pieza esperimentalak dira, baina badira “kaleko zirriborroak eta lapurtutako marrazkiak” ere. Finean, inguruko erretratuen eguneroko erregistro moduko bat da. Alabaina, erakusketa ez dute marrazki horiek osatzen soilik, pintura, eskultura eta instalazio txiki batzuk ere ikusgai baitaude Morenoren erakusketan.
Zenbait motatako materialak erabili ditu erakusketako piezak sortzean, esaterako, tinta, akuarela, akrilikoa edota argizaria. Hala ere, bada zerbait erakusketan atentzioa deitzen duena: kolore bizien erabilera. “Marrazkien barruan agertzen dira kolore biziak”.
Morenok, era berean, azaldu du erakusketa horrek prozesuekiko interesa islatzen duela; alegia: “Marrazkien bidez pentsatzea, ehunka koadernotan, material edo teknika batetik bestera igarotzea, eta pixkanaka argitasun espazio bat sortzea. Hariak aurkitzea da kontua, urrunetik, elkarri lotutako elementuen sare bat ehuntzea”.
Sortzaileak kontatu duenez, basoa babesleku izan daiteke, baina baita mehatxu gisa ere. Bide horretatik, bikoiztasuna terminoa oinarri izan du erakusketa osatzerakoan. “Beldurrari aurre egitea. Islari, egiari eta gezurrei aurre egitea, ez barruan ez kanpoan sentitzea”.
Dobleak eta kolore biziak
Doblea da erakusketa horretan oso presente dagoen zerbait. Marrazkiak, esaterako, binaka daude eginda. Teknikak eta elementuak aldatzen joaten dira, baina doblearena mantentzen da lan guztietan, baita artista liburuan ere. Are; artista liburua bat da, baina haren barruan bi liburuxka daude, eta kolore biziko bi goma dira haren euskarri. Artista liburuan ageri diren marrazki guztiak erakusketan daude, ikusgai. Erakusketa oinarri hartuta liburua osatzea izan da helburua, eta horretan ere paraleloak izan ditu abiapuntu.
Ehuntzeko erakusketa gelan ikus daitekeenez, Paisaia paraleloak erakusketa bitan banatzen da: lehena Ikusten zaitut da, eta, bigarrena, berriz, Etxerako bidea.
Ikusten zaitut instalazioa kaletik ateratako zirriborroek osatzen dute, inguruko jendearen aurpegiek, alegia. Eguneroko bisual bat da, eta marrazkiak biltegi batean gordetako objektuetan proiektatzen dira. Horiek, baina, erabileraren beharren arabera aldatzen joango dira. Biltegiaren jarduerari, gainera, kanpoko elementuren bat gehitzen zaio.
Bigarren instalazioa Etxerako bidea da, eta kapsula horretan etxerako bide baten argazki irudi manipulatuak proiektatzen dira. Bide hori Morenok urte luzez behin eta berriz egindako bide bat da. Egun eta une ezberdinak bidaia batean egiten dute bat. Horrela azaltzen du, behintzat, Morenok, bidaia hori. Atal honen proiekzio espazioa sukalde txiki bat da, eta horren kanpoaldean bi margolan daude leku bera irudikatzen, baina baita gauez da eta bestea egunez.
Abenduaren 5era bitartean, asteartetik ostiralera (17:00-20:00 artean) eta larunbat zein igandeetan (11:00-13:30 artean) egongo da lan sorta bisitatzeko aukera.
