Euskarari heltzearren, saria
Oiartzungo Biok eramateko janari dendak eta Gure Txoko tabernak Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko dute. Beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen negozioak dira, eta euskarari ematen dioten garrantziagatik saritu dituzte.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak hamabosgarrenez banatuko du gaur Oarsoarrak Euskararen Saria. Aurtengoan hiru establezimendu sarituko ditu komisioak; bata Errenteriako Arkaitza taberna da —ikus 4-7 orriak—, eta beste bi sariak Oiartzunen geratuko dira. Izan ere, Biok eramateko janari denda eta Gure Txoko taberna dira sarituak.
Batzordetik azaldu dutenez, eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak jaso diren proposamenak arretaz aztertu ditu, eta hori eginda kanpoko herrialdeetatik etorrita negozioa euskaraz edo euskarari dagokion garrantziaz zabaldu duten Biok eta Gure Txokoren lana goraipatzea erabaki dute. “Euskara ikasteko eta erabilera naturala bilatzeko izan duten konpromiso irmoa, eta eguneroko jardunean hizkuntzari eman dioten lekua, aitortza publiko honen arrazoi nagusi dira”.
Oiartzungo Putxutxoerreka kaleko bigarren zenbakian dago Biok [@biok.denda], eta aurtengo martxotik dago bertan. Pablo Miranda eta Rebeca Leyvak zutitu dute negozioa, gertutik bizi baitute sukaldaritza. Biak Oiartzunen bizi dira, eta urte askoan Zuberoa jatetxean egin dute lan: galiziar jatorrikoa da Miranda, eta mexikarra da Leyva. Alabaina, ostalaritza espazio horrek ateak itxi zituenean euren proiektua sortzeko unea zela ikusi zuten. “Harritu egin gaitu ikusteak jendeak gustuko duela janari ezberdina dastatzea”, azaldu Mirandak.
Biok-en bi modutara saltzen dituzte jakiak: pisura edota eguneko menuan. Alegia, eramateko janaria egiten dute, baina bi modutara; hortaz, errazio bat edota menua erosteko aukera eskaintzen dute. Sukaldariek, gainera, proiektuaren balantze positiboa egin dute, jaso duten erantzuna “espero zutena baino hobea” izan baita.
Leyvak azaldu duenez, “gertuko eta kalitatezko” produktuekin egin dute lan, eta uste du hori badela berezi egiten dituen zerbait. “Eramateko janaria egiten duten establezimenduek bolumen jakin bat hartzen dutenean janaria ez da horren etxekoa izaten, baina guk den dena egiten dugu”, osatu du Mirandak. Miranda bera janari gaziez arduratzen da batez ere, eta Leyva gozoez.
Euskaltegiko ikasleak dira biak, eta sinistuta daude jendeak ikusten duenean euskaraz hitz egiten dutela harritu egiten direla. Bada, Oarsoarrak saria jasotzea “ohore bat” dela azaldu dute, eta, gainera, bultzada bat dela hori orain arte bezala jarraitzeko eta euskara praktikatzeari eta zabaltzeari eusteko.
“Euskara ikasten jarraitu nahi dut”
Gure Txoko Iturriotz auzoko Bidezarra Bidea kalean dago, bosgarren zenbakian zehazki, eta Camelia Liliana Radu errumaniarrak kudeatzen du taberna. Raduk hogei urte daramatza Oiartzunen bizitzen, baina azken hiru urteetatik igarotzen ditu egunak Gure Txokon lanean. Hark ere saria lortu izana «pozik» bizi du. Gustura dago, gainera, irribarre batekin kontatu baitu bezeroak tabernara sartu eta pozarren zoriondu egiten dutela. “Ez dakit nola izan duten sariaren berri, baina polita da”.
Herrian daramatzan hogei urteetan “askotan” pentsatu du euskaltegian apuntatzea, “gutxienez hizkuntza ulertzeko”, eta, azkenean, duela bost urte eman zuen Intxixu AEKn izena. Hiru urtez aritu da eskoletara joaten, eta dagoeneko euskara “dezente” ulertzen duela azaldu du. Pozik kontatu du badakiela Oiartzunen bertako euskalkian hitz egiten dutela bizilagunek, eta alaiki argitu du adi egonez gero ulertzen duela esaten dutena.
Radu euskaraz egiten saiatzen da ahal duen guztietan. Zenbakiak, edota bezeroek ordaindu behar duten euro kantitatea euskara hutsean esaten dizkie. “Ziurtasunez baldin badakit zerbait ondo esan behar dudala euskaraz esaten dut, baina batzuetan zalantzak sortzen zaizkit”.
Zalantza horiek argitzeko, eta ziurtasun gehiagorekin euskaraz hitz egiteko euskaltegian berriro apuntatzeko asmoa duela jakinarazi du Gure Txokoko arduradunak. Orain, ordea, tabernan goizez eta arratsaldez egiten du lan, eta denbora kontuen ondorioz utzi behar izan zion Intxixuko eskoletara joateari: “Orain ez dut denborarik, baina etorkizunean euskara ikasten jarraitu nahi dut”.
