2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak
Proposamena 31 milioi eurokoa da, eta udal gobernuak bost ildoren baitan eraiki du: berdintasuna eta gizarte politikak; mugikortasuna eta ingurumena; etxebizitza; hirigintza eta ingurumena; eta komunitatea.
Pasaiako udal gobernuak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu du: 31.015.491 eurokoa izango da, eta udalaren asmoa da “herritarren bizi kalitatea hobetzea, zerbitzu publikoak indartzea eta gizarte kohesioa lehenestea”. “Aurrekontu hau gure herriaren behar nagusiei erantzuteko diseinatu dugu. Ikuspegi sozial, jasangarri eta parte hartzailetik, eta azken urteetan martxan jarritako prozesuei jarraipena emanez, politika publiko eraginkorrak sendotzea eta proiektu estrategikoak bultzatzea du xede”, adierazi du Teo Alberro alkateak.
Proiektu horren oinarri, udal gobernuak jakinarazi du 500.000 euro jaso dituela zaharkituta dauden udal lanpostuen eguneraketa eta egokitzapenerako, “zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko”.
Udal gobernuak bost ildoren baitan eraiki du datorren urtera begirako aurrekontu proposamena: berdintasuna eta gizarte politikak; mugikortasuna eta ingurumena; etxebizitza; hirigintza eta ingurumena; eta komunitatea.
- Berdintasuna eta gizarte politikak: Pasaia zaintzaileagoa
Aurrekontuak “dimentsio sozial sendoa” duela baietsi du udal gobernuak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak 1,34 milioi euro jasoko ditu, %23ko igoerarekin, “zaintza behar duten pasaitarren arreta indartuz, eta zerbitzu horretako langileen aldarrikapen eta beharrei erantzunez”.
Antxoko Fini Rubio eguneko zentroa martxan jarriko da 93.000 eurorekin, Oarsoaldeko bazterkeriaren kontrako eguneko arreta zentrora 200.000 euro bideratuko dira. Familietan esku hartzeak, gizarteratze programak eta jubilatuen elkarteen diru laguntzak ere handituko ditu udal gobernuak.
Berdintasunaren Planaren jarraipenak %12ko igoera izango du, Jabekuntza Eskolak %9koa eta LGTBI Bizitzak proiektuaren garapenerako 18.500 euro bideratuko dira. Horrez gain, berdintasunaren aldeko elkarteen diru laguntzak %56 handituko dira, “mugimendu feministarekin lankidetza estutuz”.
- Mugikortasuna eta ingurumena: Pasaia bizigarriagoa
Aparkalekuaren Ordenantza martxan jarri zenetik, Pasaiako mugikortasunean “aldaketa nabarmenak” izan direla zehaztu du udal gobernuak. Bertakoek aparkatzea lehenesteko eta oinezkoen eskubideak bermatzeko, “baliabide bereziak” aurreikusi ditu udal gobernuak datorren urterako. Alde batetik, 9.200 euro bideratuko dira garabi sistema kontratatzera. Bestetik, 15.000 euro Antxoko Luzuriaga eremuan aparkaleku berri bat egiteko proiektuaren idazketara joango dira. Azken horren xehetasunak “aurki” emango ditu udalak.
Oinezkoak lehenetsiko dituen mugikortasunarekin bat egiteko, udal gobernuak bide publikoen mantentze lanetan “jauzi nabarmena” egingo du: zolaketa lanek %50eko igoera izango dute, zuhaitz eta landare berriak jartzeko %33ko gehikuntza aurreikusi da, eta lorezaintzak ere %11ko hazkundea izango du.
Hiri altzarietarako 10.000 euroko partida berria sortuko da, eta Donibaneko deposituaren gaineko magaletako egonkortze lanetarako 120.000 euro jarriko dira, “segurtasuna eta ingurumen babesa bermatzeko”. Azkenik, portu hiri interakziorako espazioen mantentzera 500.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udal gobernuak.
- Etxebizitza: Pasaia zabalagoa
Udalerrian etxebizitza berriak sortzearen aldeko apustuan, udal gobernuak ISM eraikinean etxebizitzak egiteko aukeren azterlana egiteko 15.000 euro aurreikusi ditu. Horrez gain, etxebizitzak, igogailua eta aparkalekuak aurreikusten dituen Izarra proiektua eguneratzeko 100.000 euro jaso ditu udalak, eta Morales Oliver eta J.J. Otaegi eraikinen eraberritze proiektuak idazteko 50.000na euro bideratuko dira, udal jabetzako eraikinak berritu eta gizarte zein etxebizitza erabileretarako prestatuz.
- Hirigintza eta ingurumena: Pasaia jasangarriagoa
Azkuene Goiako Baratze Parkearen bigarren fasea 200.000 euroko partida bati esker gauzatuko dela jakinarazi du udal gobernuak. Andonaegiko urbanizazioaren bigarren faserako 661.400 euro aurreikusi dira, “auzoaren eraldaketa sakona errealitate bihurtzeko”. Kanpitxu urbanizatzeko 15.000 euro bideratuko dira. Correos inguruko orubearen urbanizaziorako, aldiz, 239.000 euro inbertituko ditu udalak, “gune degradatuak berreskuratu eta espazio publiko erabilgarri berriak sortzeko”.
Agenda 2030aren garapenera, gainera, 149.000 euro bideratuko dira, %82ko igoerarekin, “jasangarritasun, ingurumen eta gizarte helburuak udal plangintzan egonkortzeko”.
Ingurumen arloari dagokionean, azken urtean udalak energia eraginkortasunean “jauzi handia” eman duela adierazi du udal gobernuak. Horren isla da 2026ko aurrekontuan 100.000 euro gutxiago inbertitu beharko dituela udalak kaleetako eta eraikinetako energia horniduran, “azken ekitaldietan egindako inbertsioek ekarri duten aurrezkiari esker”.
Klima eta Energia Planaren garapenerako 102.000 euro aurreikusi ditu udal gobernuak, %15eko igoerarekin. Besteak beste, uholde adierazleak diseinatzea, energia komunitate bat sortzeko aholkularitza, azpiegitura berdeak sustatzea eta Klimalab laborategia abian jartzea jaso du udalak, “Pasaia erresilienteago baten aldeko pauso gisa”. Bestalde, 50.000 euro bideratuko dira Lurdes txiki auzoan ur beltzak eta euri urak bereizteko, “saneamendu sistema hobetuz”.
- Komunitatea: Pasaia aktiboagoa
Gazteen parte hartzea eta aisialdia sustatzeko, gazteentzako jarduerek %9ko igoera izango dute, “kontsumo arduratsua” ardatz hartuta. Haur eta Nerabeen Eskubideak Bermatzeko udal plana %7 handituko du udal gobernuak, eta Oinherri elkarteko bazkidetza 4.800 eurotan mantenduko da, “haurren eta nerabeen eskubideak egituraz lantzen jarraitzeko”. Gurasoen eskaera kontuan hartuta, udalekuetan zaintza ordu bat gehitzeko partida ere aurreikusi du udalak.
Parte hartzeko sail orokorrerako %50eko igoera aurreikusi du udal gobernuak, “elkarte eta eragileekin lanketa sendotzeko, Berdintasun Kontseilua herriko eragile feministekin batera lantzeko eta barruti batzarren proiektua indartzeko”.
Kirol arloan, aldiz, 35.000 euro instalazioak hobetzera bideratuko dira, 21.300 euro ekipamendu berrietara, kirol turismo aktiboa sustatzera %66 gehiago, eta emakumeen parte hartzea sustatzeko partidak %20ko hazkundea izango du.
Gazteriaren, kirolaren eta parte hartzearen aldeko apustuekin batera, udal gobernuak kulturaren, euskararen eta ondarearen biziberritzea ere lehenetsi ditu aurrekontu proiektuan, “herriaren nortasuna sendotu eta komunitatearen kohesioa indartzeko”.
Kultur arloan, Ziriza eraikinaren birgaitzea 2026an hasiko dela iragarri du udalak. Azpiegitura egokitzeko lehen lanak 300.000 eurorekin finantzatuko dira, eta 50.000 euro jarriko dira etorkizuneko proiektua idazteko. Horrez gain, Pasaiako panorama kulturalaren diagnostiko bat egiteko, 25.000 euro bideratuko dira, eta Luzuriagako birgaitzearen bigarren fasearen obrek 1,8 milioi euroko inbertsioa izango dute, obrekin aurrera egiteko. Kultur egitasmoetarako, aldiz, 10.000 euro gehiago jarriko dira, “sormen eta jarduera kulturala indartzeko”.
Azkenik, euskararen normalizazioaren aldeko lanean, helduen euskalduntzerako %32ko igoera aurreikusi du udalak, eta herritarren aktibaziorako lanketa Oarsoaldea osora zabaltzeko %41 gehiago bideratuko da, “hizkuntza politika aktibo eta eraginkorra sendotzeko”.
