Elkartasun Azoka antolatu du Mindarak, zazpigarrenez
Abenduaren 13an, larunbatarekin egingo dute azoka, 10:30etik 19:30era.
Mindarak Azoka Solidarioa antolatu du zazpigarrenez. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian egingo dute eta aurten ere, aurrekoetan bezala, egun osoko egitaraua antolatu du Mindarak, aniztasun funtzionala duten pertsonei arreta emateko Gipuzkoako elkarteak. Abenduaren 13an, larunbatarekin egingo dute azoka, 10:30etik 19:30era.
Bigarren eskuko arropa, jostailuak, liburuak eta ipuinak prezio sinbolikoan izango dira salgai azokaren barruan; bildutrako gutzia, elkartearen jardunerako bideratuko da. Elkartasun gunea izateaz gain, topagunea bilakatuko dela azoka adierazi dute antolatzaileek, “boluntarioak, herritarrak, eta kolaboratzaileak batuko dira eta lehen eskutik ezagutuko dute elkarteak egiten duen lana”
Zozketa solidarioari egin dio aipamen berezia Mindarak: “Aurten kolaboratzaile ugari izan ditugu azokan, eta haiei esker, balio handiko sari ugari izango dira”. Egun osoan zehar eta Kromosomari esker, egurrezko jostailuekin gozatzeko aukera izango dute txikienek. Taerna ere ez da faltako, jatekoekin eta edatekoekin.
Kolaboratzaileei eskerrak eman dizkie Mindarak: “Enpresak, denda txikiak, erakundeak, zerbitzuak, elikadura… ezinbestekoa dugu beraien laguntza. Jasotako diru guztia Mindara elkartera baitoa”. Herritarrak berriz, parte hartzera deitu ditu Errenteria-Oreretako elkarteak, “kolaboratu eta laguntzera deitu nahi ditugu, ekarpen txiki bakoitzak etorkizun justuago eta itxaropentsuago bat eraikitzen laguntzen baitie aniztasun funtzionala duten pertsonei”.
Egitaraua
- 10:30etatik 11:30era. Txalaparta ikuskizun parte hartzailea Herri Arte Eskolako txalaparta ikasleen eskutik.
- 11:30etik 13:00etara. Herri Kirolak, Elene eta Udane Ostolaza harri jasotzaileak, eta Jabi eta Ane Urresti trontzalari eta txingalariekin.
- 16:45etik 17:30era. Elipsis haurrentzako panpinak eta aurpegi margoketa.
- 17:30etik 18:30era. Afro dantza Emanbira elkartearen eskutik dantza klasea.
- 18:00etan. Txokolate jatea.
- 18:30ean. Zozketak. Egun osoan zehar zozketarako txartelak salgai izango dira.
- Egun osoan zehar Kromosomaren eskutik zurezko jolasak.
- Egun osoan zehar, taberna jateko eta edatekoekin.
