Genozidioa "elikatzen" duelako McDonalds-en ez kontsumitzeko deia
Orereta Palestinarekin herri dinamikak herritarrei eskatu die ez kontsumitzeko establezimendu horretan; ateak zabalduko ditu laburrean Niessen merkatalgunean katearen saltoki batek.
Mc Donalsen establezimendu berria zabalduko duten lekuan han ez kontsumitzeko deia egiten duen pankarta. Orereta Palestinarekin herri dinamikak deia zabaldu du sare sozialen bidez eta oharra helarazi komunikabideetan. Eskaera zehatza egin du herri mugimendu horrek, genozidioa “elikatzen” duen McDonaldsen sosik ez uzteko, ez bertan kontsumitzeko. Adierazpen hori kate ezagunak Niessen merkatalgunean saltokia zabaldu bezperetan egin du dinamikak. Adierazi dutenez, hilaren 22an zabalduko ditu ateak establezimendu berriak udalerrian.
McDonaldsen “moral bikoitza” azalarazi du herri dinamikak. Izan ere, oso modu ezberdinean jokatu baitu Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkaren eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren aurrean: Ukrainia eta Errusiaren gatazkaren harira 2022ko maiatzean Errusiatik ateratzeko erabakia hartu zuen, establezimendu guztiak itxiz”. Palestinaren kasuan oso bestelako jarrera izan duela salatu du, ordea, “multinazional horrek Israelen duen frankiziak Israelgo armadako militarrei doan ematen die janaria 2023ko urriaz geroztik”.
“Zerbitzu” hori emateko bost jatetxe berri zabaldu dituela kateak eta bertaratzen diren uniformaturiko soldadu denei %50eko deskontua eskaintzen diela azaldu du Orereta Palestinarekin herri dinamikak. Hori horrela, McDonaldsi egotzi dio Palestinako herriaren kontrako genozidioa gauzatzeko elikatzea.
Mundu mailan korporazio estatubatuarraren kontrako boikot kanpaina indartsua da indarrean erregimen sionistaren konplize izatea egotzita. Udalerrian establezimendu berri bat zabalduko duela-eta herri dinamikatik herritarrak informatzea ezinbestekoa jo dutela adierazi dute, eta eskatu erantzukizunez bertan ez kontsumitzeko.
