Udal Euskaltegian hobekuntza lanak egin dituzte
Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Trintxerpeko gunean: leihoak aldatu dituzte, berokuntza instalazioa berritu dute eta margotze lanak egin dituzte.
Pasaiako Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu azken asteetan Trintxerpeko Udal Euskaltegian. Jarduketa horien helburua izan da euskaltegiko isolamendu termikoa eta akustikoa, eta berokuntza instalazioaren jasangarritasuna eta efizientzia hobetzea.
Alde batetik, euskaltegiaren kanpoko arotzeria aldatu du udalak, isolamendu termikoa eta akustikoa duten profilak eta kristal bikoitza berriak jarriz. Horrez gain, berokuntza instalazioa ere berritu da, berogailu zaharrak kendu ondoren. Horretarako, igeltserotza lanak ere egin dituzte. Instalazio berri horrek ekonomikoki energia kontsumoa herenera jaistea eragingo duela baietsi du udal erakundeak. Bestalde, euskaltegi osoa margotu dute. Jarduketek 115.00 euroko kostua izan dute, BEZa barne.
Ordezkari politikoak “asebeteta” azaldu dira lanekin. “Euskaltegien egoera bermatzea ezinbesteko baldintza da euskararen normalizaziorako espazioak duintzeko. Trintxerpeko Udal Euskaltegia hobetzeko egindako lanek ikasleei eta irakasleei espazio atseginago, erosoago eta egokiago bat eskaintzen diete, eta horrek zuzenean eragiten du ikasketa prozesuan”, adierazi du Laura Ré euskaltegiko lehendakariak.
Bestalde, honakoa esan du Iraitz Pazos Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak: “Interbentzio hauek funtsezkoak dira udal eraikinen eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Arotzeria berriarekin eta berokuntza sistemaren eraberritzearen bidez, energia kontsumoa nabarmen murriztuko da, eta horrek eragin positiboa izango du bai ekonomikoki, bai ingurumenaren ikuspuntutik ere”.
