"Euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, euskaltzaleon garaia da"
Euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela zehaztu zuten atzoko agerraldian. Hilaren 27ko Pizkundea ekitaldira joateko deia egin zuten.
Atzo –hilak 3– Euskararen eguna izan zen, eta oiartzuarrak Euskaltzaleon garaia da lelopean herri argazkia ateratzeko elkartu ziren Doneztebe plazan.
Argazkiaren hasi aurretik, baina, Julen Perez Ttur tturreko kideak adierazpen bat irakurri zuen, eta aipatu zuen azken hamarkadetan zehar egindako ahalegin kolektiboari esker euskararen biziberritze prozesuak “aurrerapen handiak” izan dituela, baina asko direla susperraldi aro hau eten denaren eta atzeraldia etor daitekeen zantzuak.
Era berean, Ttur tturrekoak nabarmendu zuen gaur egungo globalizazio eta digitalizazioak, oldarraldiaren areagotzeak, erabilera sozialaren ahultzeak eta erronka berriek agerian utzi dutela euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela, eta beste arnasaldi bat behar dela. “Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea”.
Euskaltzaleen garaia dela azpimarratu zuen gero Perezek. Bide horretan, baina, azaldu zuen ezinbestekoa dela, euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, “euskaltzaletasunaren giharra indartzea”. Gauzak horrela, aipatu zuen euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan dituela lehenago ere larrialdi gorriko uneak, bai eta “behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak”. Alabaina, jakinarazi zuen euskaltzaleen eskutik etorri dela aldi bakoitzean pizkundea. Pizkunde hori milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik etorri dela esanaz jarraitu zuen gero.
Oiartzundik Bilbora
Ildo beretik jarraituz, hilaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon egingo duen Pizkundea ekitaldia izan zuen mintzagai oiartzuarrak. “Lehen gune” bihurtu nahi dute egun horretako ekitaldia, sinistuta baitaude “Euskarak, hizkuntzak guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat” behar duela, “zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat”.
Honela jarraitu zuen Ttur tturrekoak: “Unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dizkietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa”. Hartara, aurreratu zuen ekitaldia kultur kutsukoa izango dela, eta musikak zein musikagileek eta euskararen soinu bandak “presentzia nabarmena” izango duela.
Horretaz gain, Perezek aipatu zuen hilaren 27a “data garrantzitsua” izango dela euskaltzale guztientzat. “Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, Pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua. Euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa”.
Azkenik, jakinarazi zuten Bilboko ekitaldira joateko autobusak jarriko dituztela Oiartzundik, eta horietan izena emateko zerrendak daudela Txokolategian, Landetxe tabernan eta Haurtzaro ikastolan.

