HAPOaren aldaketa proposamena azaltzeko, bilera irekia
Hilaren 10ean (asteazkena) egingo dute bilera, 18:00etan, pleno aretoan. Beste gai batzuk ere landuko dituzte hitzorduan.
Oiartzungo Udalak, haren hitzetan, etxebizitza bizitoki gisa lehenesteko duen konpromisoa du, eta helburu horri erantzuteko zenbait egitasmo ari da aktibatzen; tartean, etxebizitza turistikoen hedapena kontrolatzeko proposamena.
Oiartzungo Udalak egoerari aurre hartzea erabaki zuen, eta, ildo horretatik, urtarrileko udalbatzan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen. Era berean, baina, aldaketak gauzatu bitartean, erabilera turistikorako logela eta etxebizitza berriak erregistratzeko adostasun txostenak “aldi baterako” etetea erabaki zuen udalbatzak.
Azaldu dutenez, Oiartzunen turismo erabilera duten etxebizitza “bakan batzuk baino” ez daude, baina joera orokorra zein den ikusita, udalak “beharrezkoa” ikusi zuen “establezimendu turistikoak berandu baino lehen” mugatzea. Oiartzungo HAPOa 2015eako da, eta une horretan etxebizitza turistikoak arautzen zituen legerik ez zegoen; hortaz, HAPOak ez du figura hori jasotzen.
Berriki, udalak jakinarazi du azken hilabeteetan herrian turismora zuzendutako apartamendu eta etxebizitza eskaintza eta bilakaera ordenatzeko azterketa egin eta HAPOa aldatzeko proposamena prestatu duela.
Aurreratu dutenez, aldaketak honako alderdiei eragingo die: erabileren definizioa eta sailkapena; erabilera bakoitza gauzatzeko baldintza orokorrak, eta eremu bakoitzari dagokion arautegi xehetua.
Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak jakinarazi du HAPOaren aldaketa proposamena azaltzeko bilera irekia egingo duela hilaren 10ean, 18:00etan, pleno aretoan. Bilera berean Oiartzungo mugikortasun planak 2024-2029rako Elizalde ingururako jasotzen dituen ekintza nagusiak aurkeztuko dituzte.
