Haira Aizpurua Ibargaraik irabazi du Xenpelar Saria
Atzo jokatu zen XXVIII. Xenpelar Bertsolaritza Sariaren finala Niessen aretoan. Sarara eraman du txapela Aizpuruak.
Haira Aizpurua Ibargarai, txapela buruan atzo Niessenen. Atzo (hilak 8, astelehena) jokatu zen Niessen aretoan bi urtean behin egiten den Xenpelar Bertsolaritza Sariaren finala. Sariketaren XXVIII. ekitaldiaren irabazle Haira Aizpurua Ibargarai saratarra izan zen, azken buruz burukoan June Aiestaran Iparragirre beasaindarrarekin jokatu ondoren. 150 lagun bildu ziren Niessenen, eta hiru bat orduko saioan gozatu ederra hartu zuten. Final latza izaten da Xenpelarrena, ariketa askokoa; erruz lan egin zuten bertsolari gazteek, zuten onena eman zuten. Xenpelar Bertso Eskolak eta Ereintza Elkarteak antolatzen duten sariketan irabazle direnek bide oparoa egiten dute bertsolaritzan. Hala izango da, ziur, finalean izan ziren seientzat. Finalean, aurreko hiru kanporaketetatik hoberen aritu ziren biak izan ziren.
Xenpelar Sariaren finala ez da ausaz abenduaren 8an. Batetik, Hego Euskal Herrian jaieguna da; baina bestetik, bertsozaleentzat data oso esanguratsua da: 1869ko abenduaren 8an hil zen Juan Frantzisko Petriarena Rekondo Xenpelar errenteriarra. Hala, finalean, hark ezagun egindako doinuak ere izaten dira presente. Hala izan zen atzokoan ere bai.
Aizpuruaren eta Aiestaranen atzetik Irune Basagoiti Agirre, Izaro Bilbao Arostegi, Josu Txoperena Iribarren eta Kattalin Arabolaza Palomo oiartzuarra sailkatu ziren hurrenez hurren. Arabolazak saioan oso sentsazio onak utzi zituen, lan oso erregularra egin zuen 16 urteko oiartzuarrak, eta aurrera begira bertsolaritzan ederki asko ibil daitekeela azaldu zuen.

Finalistak, Xepelarreko eta Ereintzako antolatzaileak, eta Aizpea Otaegi alkatea atzoko finalean.
