Kulturaz blai dator negua
Beste behin ere, diziplina anitza, eta publiko guztiak barne hartzen dituen jarduera sorta eramango dute oholtza gainera: Antzerkia, dantza eta musika, pieza garaikideak, familiarteko ikuskizunak eta kalitatezko musika emanaldiak tartekatuko dira kultur eskaintza aberatsa eta askotarikoa osatuz.
Gartzia eta Landa gaur Lekuona Fabrikan kultur agenda aurkezteko agerraldian. Gaur aurkeztu dute neguko arte eszenikoen programazioa eta Lekuona Fabrikako zirku eskola Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak. Hala, Kultura sailak 2026ko urtarriletik martxora arte ondu duen egitaraua aletu dute. Beste behin ere, diziplina anitza, eta publiko guztiak barne hartzen dituen jarduera sorta eramango dute oholtza gainera: Antzerkia, dantza eta musika, pieza garaikideak, familiarteko ikuskizunak eta kalitatezko musika emanaldiak tartekatuko dira kultur eskaintza aberatsa eta askotarikoa osatuz.
Denboraldia urtarrilaren 18an hasiko da Niessen Kulturgunean, La Dramatica Errante konpainiaren R&J antzezlanarekin. Romeo eta Julieta klasikoaren berrirakurketa garaikidea da, maitasun erromantikoaren alderdi anekdotikoak alde batera utzita, sentimenduaren eta harremanaren paradigma berria proposatzen du. Urtarrilaren 30ean, Go!azen 12 iritsiko da Lekuona Fabrikara, familiarteko publikoarentzako ikuskizun arrakastatsua. Telesaileko pertsonaiek Basakabi udalekuaren abentura berriak ekarriko dituzte, maitasuna, adiskidetasuna eta musikaren indarra uztartuz.
Hurrengo egunean, hilaren 31n, Barry Bk kontzertua eskainiko du Lekuona Fabrikan. Bertan abangoardiak gitarrekin bat egingo du, etorkizunak jatorriarekin: “Barry Bk zutik erortzen ikasi duenaren intentsitatearekin jasoko ditu bere belaunaldiko bizi-larritasunak eta desioak oholtza gainean”. Otsailaren 8an dantzak hartuko Niessen Kulturgunea Eva Guerreroren Hasta el último baile ikuskizunarekin. Otsailaren 21ean, berriz, Tremenda Jauria ariko da Lekuona Fabrikan, “feminismoa eta konpromiso soziala oinarri hartuta, banda madrildarra ahots alternatiboen artean benetako eta borrokalarienetako bat bihurtu da”.
Familia osoarentzako antzerkia ere ez da faltako udalak ondu duen eskaintza zabal horren barruan. Otsilaren 27an, Markeliñe konpainiak Hodei guztien gainetik antzezlana aurkeztuko du Niessen Kulturgunean. Jolasteko plazera galdu duen aita baten istorio poetiko eta bisuala da, eta kartoi hodeiz osatutako unibertso fantastiko batean murgilduko ditu ikusleak.
Martxoan, programazioak tonu intimoagoa hartuko du, hala azaldu du Gartziak. Martxoaren 1ean, Metrokoadroka kolektiboak Bi baso bat ur eskainiko du Niessen Kulturgunean. Antzezlanak tratu txarren osteko alaitasunaz hitz egiten du, dantzaleku baten erdian mugitu ezinik dauden lau pertsonaren bidez; sakon, sentikor eta aldi berean baikor.
Musika berriro iritsiko da martxoaren 7an, Idoia Asurmendiren kontzertuarekin. Denbora batez oholtza gainetik kanpo egon ondoren, artistak De amar y desandar disko berria aurkeztuko du Lekuona Fabrikan, bere ibilbide pertsonal eta artistikoaren hausnarketa musikal gisa.
Azkenik, martxoaren 20an, Spasmo Teatroa konpainiak Xomorrotxoak antzezlana ekarriko du Niessen Kulturgunera. Kolorez eta erritmoz beteriko ikuskizun honek familiei zuzendutako proposamen dibertigarria eta hezitzailea eskaintzen die, ingurumenaren zaintzaren garrantziaz jabetzeko gonbidapena eginez.
Ikuskizunen sarrerak ostiralean, hilaren 12an, egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera webgunean (klik hemen) eta Lekuona Fabrikan, eta 16:00etatik aurrera Aldakonean. Gainera, ikuskizunaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira. Go!azen 12 ikuskizunaren kasuan, aforo osoaren % 20a salmenta presentzialerako gordeko da. Modu presentzialerako gordeko diren sarrera guztiak salduko ez balira, abenduaren 16an, 12:00etan online salmentan aktibatuko dira. Halaber, azpimarratzekoa da herritar bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izango dituela gehienez.
Kontzertuek 10 euroko prezioa dute, helduentzako ikuskizunek 9 eurokoa, eta familiei zuzendutakoek, aldiz, 3,5 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek % 25ko deskontua izango dute.
Zirku eskola bueltan da
Hilaren 22 eta 23an, gainera, zirku eskola bihurtuko da Lekuona Fabrika, Berdinki Zirku Garaikidea konpainiarekin eskutik. Lurreko eta aireko akrobaziak, oreka eta zirkuitua, malabarrak eta globoflexia landuko dituzten tailerrak antolatu dituzte haur eta familientzat. Haurrentzako saioak goizetan izango dira eta tailerrak bi eguneko iraupena izango du, hilaren 22an eta 23an. 5-7 urte bitartekoentzako ordutegia 10:00etatik 11:15era izango da eta 8-12 urte bitartekoentzat 11:30etik 13:15era.
Arratsaldetan familien txanda izango da eta nahitaezkoa izango da gutxienez haur batek eta pertsona heldu batek osatutako taldean izena ematea. Kasu honetan, 4 saio independente eskainiko dituzte, egun bakoitzean bi eta ondorengo ordutegian: 16:15etik 17:45era lehendabizikoa eta 18:00etik 19:30era bigarrena.
Zirku eskolarako izen ematea astelehenean, hilak 15, egin beharko da webgunean (klik hemen) aktibatuko duten formularioa betez. Egun osoa izango dute interesdunek horretarako eta jasotako eskaera guztien artean zozketa egingo dute. Gainera, azaldu dute, nortasun agiri edo AIZ bakoitzetik formulario bakarra bete ahal izango dela saioetako bakoitzerako eta irabazleei e-postaz jakinaraziko zaiela horren berri.
