Mikel Zabalzaren omenezko autobus ibiltaria Oreretan izango da larunbatean
Eguerdian ekitaldia egingo dute Galtzarabordan, Ion Arretxe parkean; ondoren Zumardian bisitatu ahalko da autobusa, 20:00ak arte.
Larunbatean helduko da Mikel Zabalzaren omenezko autobus ibiltaria Oreretara. Mikel Zabalza gogoan, 40 urte leloarekin martxan den iniziatiba Errenteria-Oreretara helduko da larunbatean, hilak 13. Torturaren basakeria, Zabalzaren bidaia ilunari argia eman nahi diote iniziatibaren bidez, memoria egiteko. Hori horrela, Euskal Herrian barrena dabil autobus ibiltaria. Nafarroako Torturatuen Sareak bultzatutako ekinaldia da Zabalzaren omenezko autobus ibiltaria, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak estatuko indarkeriaren biktima gisa aitortua dute Zabalza, baina ez da oraindik egi osoa ezagutzen, Zabalzaren espedientea sekretu ofizialen legearen pean dago eta. Espainiako Gorteek aldatu behar dute lege hori sekretupekoa izateari utz diezaion.
Eguerdian, 12:00etan ekitaldi xumea egingo du autobus birak Galtzarabordako Ion Arretxe parkean. Arretxe Zabalza eta beste hainbat euskal herritar atxilotu zituzten operazio berean atxilotu zuten ETAkidea izatea egotzita. Intxaurrondoko kuartelean torturatu zuten eta ondoren aske utzi. Bertan bizitutakoa jaso zuen Arretxek Intxaurrondo, la sombra del nogal liburuan. 2017ko martxoaren 18an zendu zen arte zuzendaria, aktorea, eta idazlea, besteak beste. Ilustratzaile, marrazkilari, eszenografoa, hainbat aldizkaritan marrazkilari eta gidoilari aritu zen, hala nola, Ipurbeltz, TMO, Aizu!, Kaxkagorri eta El Jueves… 90. hamarkadan arte zuzendari bezala lan egin zuen hainbat filmetan: Extasis, La vida de nadie, Marujas asesinas, Sukalde kontuak… Hainbat film labur ere zuzendu zituen.
Parke kaleko plazan Arretxe, Zabalza eta haren bikotekide zen eta operazio berean atxilotu eta torturatu zuten Idoia Aierberi omenaldia eskainiko diete. 2018ko abenduaren 4an hil zen Aierbe.
Autobus ibiltaria Zumardira joango da Galtzarabordatik, 13:00etan ongietorria egingo diote, eta bertan izango da 19:00ak arte, nahi duen orok bisitatzeko aukera izan dezan. antolatzaileak herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Igandean, hilak 14, bukatuko da Autobus Ibiltariaren bira. Ategorrietan DBuseko langileekin bat egingo dute, 11:45ean izango da hori, eta zutabea antolatu dute Bulebarreraino. Bertan izango da ekitaldi nagusia, 12:30ean.
