Urtearen balantze "baikorra" egin du Errenteria Osasuna plataformak
Plataforma eta udalaren arteko elkarlanarekin "pozik eta itxaropentsu" azaldu da Errenteria Osasuna; urtarrilean egingo dute hirugarren bilera.
Papresa aurrean egindako elkarretaratzearen irudi bat, joan den ekainean. Urtean egindako lanaren bilana egin du Errenteria Osasuna plataformak, eta baikor azaldu da izan dituen lorpenekin. Plataformak helburu du Papresa enpresarekin bizikidetza duina bermatzea, eta horretan ari dira Etxeberriak Olibet, Gabierrotako Laguntasuna eta Erdialdeko Oiarso auzo elkarteak, eta Eguzki talde ekologista. Atzera begira jarri da errepasoa egiteko eta lehen mugarri garrantzitsu gisa kokatu du plataformak Ingurumen Fiskaltzak haiek egindako salaketa epaitegira bideratu izana. Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu zituen enpresaren jarduerak eragiten dituen afekzioengatik —zarata, usainak… plataformak 2024ko irailean fiskaltzan aurkeztu zuen salaketaren harira.
Egindako ikerketen ondorioz fiskaltzak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu zantzuak antzeman zituen. Errenteria Osasunak “oso positibotzat” jo zuen berria, “erabaki horrek egin dugun salaketa eta gure lana babesten duela iruditzen baitzaigu”.
Maiatzean berriz, hiru aldeko bilera egin zuten udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Inspekzioak eta Errenteria Osasuna plataformak, “bilera horretan jakin genuen Eusko Jaurlaritzak iazko maiatza eta ekaina artean egindako neurketetan baieztatu zela enpresak gaueko jardunean legeak ezarritako mugak gainditzen zituela”. Mugarririk garrantzitsuena, berriz, Papresa aurrean ekainean egindako elkarretaratzea izan zela gaineratu du.
Hilabete geroago mozioa landu zuen plenoak plataformak aurkeztuta eta bertan onartu zen udala eta plataformaren arteko lan mahaia osatzea gaia landu eta Papresaren jarduerak eragiten dituen kalteei aterabidea bilatu, eta horiek gutxitzeko. Urrian bildu zen lan mahai hori lehen aldiz, eta balorazio positiboa egin du plataformak, “lehen bilera horretan alderdi guztietako ordezkariek hartu zuten parte, teknikariekin batera. Horrek, plataforma osatzen dugun bizilagunek dugun kezka partekatua dela jarri du agerian”. Azaroan bildu da berriro, mahaia: “Udalarekin batera abiatutako bidearekin pozik gaude, baikor. Urtarrilean egingo dugu hirugarren bilera eta emankorra izatea espero dugu, arazoaren konponbiderako agente garrantzitsua den Eusko Jaurlaritza gonbidatu baitugu”.
