«Eguberriak komertzioentzat oso garrantzitsuak dira»
Eguberriak gainean dira, eta ilusioz iritsiko dira Laurak Batera. Aurten Gabonetako argietan jarri dute indar handiena, eta udalarekin sinatutako hitzarmenari balioa eman dio Mari Carmen Mogilnicki elkarteko presidenteak.
Eguberriak gainean dira, eta ilusioz iritsiko dira Laurak Batera. Aurten Gabonetako argietan jarri dute indar handiena, eta udalarekin sinatutako hitzarmenari balioa eman dio Mari Carmen Mogilnicki elkarteko presidenteak.
Nola datoz Eguberriak Pasaiara eta Laurak Batera?
Ilusio handiarekin datoz. Aurten ere Eguberrietako argiak erosi ditugu eta oso politak geratu dira. Argi horiek leku estrategikotan kokatu ditugu. Aurten ere saskiak zozkatuko ditugu Laurak Bateko komertzio guztietan, gure bezeroei banatzeko. Eguberrietako kanpaina bukatzeko, sei errege opil zozkatuko ditugu, hiru Antxon eta beste hiru Trintxerpen. Antxoko Erregeen kabalgata ere babesten jarraituko dugu aurten. 20 urte daramatzagu bertan murgilduta. Eguberriak komertzioentzat oso garrantzitsuak dira, puntako hilabetea da guretzat. Jendea animatzen dugu garai honetan ere gugana gerturatzeko, ez dira damutuko.
Berritasunen bat dago aurten?
Uste dugu garrantzitsuena kaleen iluminazioa dela, eta gure esfortzu ekonomiko handiena bertara bideratu dugu. Zailtasun handiak izan ditugu argiekin: Donostiarekin fatxadak konpartitzen ditugu eta ez digute gehiegi lagundu. Berritasun nabarmenena lanketa on bat egitea izan da, eta uste dugu jendeari gustatu zaiola.
Argiak instalatuta eta funtzionamenduan daude jada. Horrek komertzioen ingurua eta ikusgarritasuna hobetzen laguntzen du, ezta?
Hala da. Nahi duguna da herriak argitasuna izatea. Antxon zentratuta, hurrengo urtera begira Gure Zumardia kondizio onetan apaindu nahi dugu. Obrekin ezin dugu ezer egin.
Argiekin ikusi da Laurak Bat eta Pasaiako Udala norabide berean doazela. Hori ere garrantzitsua da bi aldeentzat, ezta?
Udalarekin hitzarmen bat sinatu genuen, horrelako iniziatibetan Laurak Baten eskutik joateko. Udalak laguntza ekonomiko handia ematen digu gure ametsak betetzeko. Aurten, gainera, beste bi informazio pantaila jarri ditugu, eta lau barrutietara iritsi gara jada. Datorren urtean bizitza eman nahi diegu pantaila horiei.
2026a gainean da, eta udala banatzen hasi da jada datorren urteko egutegiak. Udalarekin batera lehiaketa bat abiatu zenuten, azala erabakitzeko.
Jende gehiagok parte hartzea nahiko nuke. Gure asmoa zen Pasaiako bizitza irudikatzea, jendearen egunerokoa islatuz. Asko gustatu zaigu, eta guk ere orrialde bat dugu egutegiaren barruan, komertzioei begirakoa dena.
Datorren urtera begira, daukagun ideietako bat da herriko paretak apaintzea. Nahi duguna da artistek horiek margotzea, Trintxerpeko Ziriza Etxekoaren antzera. Horren inguruko lehiaketa bat egin nahiko genuke, hutsik dauden paretak betetzeko. Aurten argazkiak izan dira, eta datorren urtera begira paretak margotu nahi ditugu, herria apaintzeko.
2025a bukatzear da. Nolakoa izan da Laurak Batentzat?
Oso urte ona izan da, ekintza asko egin ditugu. Udalarekin sinatutako hitzarmena funtsezkoa izan da guretzat. Aurten bonu kanpaina bat izan dugu. Lehen aldundiak sustatzen zuen, eta orain udalerrikoa da. Bonuen kanpainarako hilabete estrategikoak aukeratu ditugu, salmentak baxuagoak direnean, eta eragina izan du. Hilabete honetan ere Bicicargo-rekin hasiko gara. Laurak Bat ikusgarri egingo du, lau barrutietan mugituko baikara.
