Egunero, kalerako atea zabaldu eta kalean ere etxea sentitzea posible egiten dugun guztiontzat
HITZAk Oarsoaldeko merkataritzaren gehigarri bat egin du asteon, eta Itturri Oiartzungo Merkatarien Elkarteak mezu bat helarazi nahi izan du.
HITZAk Oarsoaldeko merkataritzaren gehigarri bat egin du asteon, eta Itturri Oiartzungo Merkatarien Elkarteak mezu bat helarazi nahi izan du.
“Beno, Maite, banoa lanera; 09:00ak dira jada eta bestela larri ibiliko naiz. Aurretik, amonak Maritxuri eskatutakoa utziko diot etxean; Felipenetik ere pasatu nahi dut, ogia jasotzera eta belauna nola duen galdetzera. Itxarori eskatutako liburua noiz jasoko dudan ere galdetu behar diot, eta Anari antxuak enkargatu…”. Herria zaintzea, herria bizitzea da.
Iturriko emariak herriaren egarriari erantzuten dio; lehor den lurra etengabeko isuri isil batez zaintzen du, gertu egonez eta adi, herriaren taupada entzuten duenaren umiltasunez. Hala dira Oiartzungo dendak ere: herria ureztatzen duten iturri txikiak, eguneroko bizitzaren zaindari, auzokoen behar eta kezkak bere gain hartzen dituztenak.
Tokiko komertziorik gabeko herria ez da herria. Dendak dira eguneroko pausaleku, erreferentzia, eta eurite amaigabeetan, maiz aterpe eta babes. Dendariek herritar bakoitzaren izena dakite, zer duen gustuko eta zer saihesten duen; enkargu bakoitzaren atzean izen bat jartzen dute, izate bat, norbaiten istorio zati bat. Hori baita komunitatea: elkar ikusi, elkar ezagutu eta elkar sostengatzea.
Herria, dendarik gabe, hutsagoa da. Kolore gabea. Soinu gabea. Arnasarik gabea.
Oiartzunen egoera larria da. Inguruetan denda erraldoiak ugaldu dira eta ikusezin den online munduak irtenbide zaila duen amaraun batean harrapatu gaitu. Azkar eta merke: horixe dute euren mezua. Ez dute herria zaintzen, ez dute Maialen ezagutzen, ez Beñat, ezta Gexan ere. Ez dakite Aitorrek bigarren semea izan duenik, ez eta zer behar duen herriko batek edo besteak bizitzako une jakin batean. Guztiei modu orokorrean eskaintza interesgarriena jartzen diete aurrean; ez dute galdetzen norentzat den, eta ez zaie axola eskaintza hori benetan egokia den ala ez.
Itturrin, zu bezala, oiartzuarrak gara. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez. Gure herria maite dugu eta hala jarraitu nahi dugu: zainduz, partekatuz, elkarbiziz, eta batez ere, komunitate gisa elkarri eutsiz. Izan ere, komunitatea da herri baten oinarrizko indarra: biztanleak lotzen dituen hari fina, gure herria bizirik eta sendo mantentzen duena.
Horregatik esaten dugu: etorri herrira; edo hemen diogun bezala, heldu herrira. Heldu herriari, heldu eskutik, eta gerturatu bihotzera. Hori baita Oiartzun bizitzeko eta Oiartzun zaintzeko modu bakarra: herria biziz, herrian biziz eta herria elikatuz. Heldu herrira eta edan Itturritik! “
Itturriko kide egin nahi baduzu jar zaitez gurekin harremanetan:
Telefonoa: 618 18 80 09
Emaila: info@nikoiartzunen.eus / info@itturri.eus


Pablo Miranda Iglesias
BIOK Eramateko Janaria
“Egunerokotasunean bezeroekin egotea eta bakoitzari behar duen hori ematea da giltza“
Oiartzunen komertzio txiki bat edukitzeak uste dut herria hezurtzen duela. Tokiko merkataritza sustatu behar da, eta, guk, esaterako, tokiko produktu asko erabiltzen ditugu hezurtze ahalegin horretan. Guretzat oso garrantzitsua da komertzio eredu horri heltzea eta bere horretan mantentzea. Berebiziko garrantzia du horrek.
Oiartzunek inguruan berde asko du, belar asko dago, eta, ondorioz, baratze asko daude. Hortaz, herrian horrenbeste baratze izatea abantaila da gurea bezalako establezimendu batentzat, bertako jaki asko erabiltzen ditugulako egunerokotasunean egiten ditugu plater eta menuetan. Kozinatzen dugun horretan eragin handia dauka Oiartzunek, inolako zalantzarik gabe.
Uste dut tokiko komertzioetan erostearen gainean gero eta kontzientzia handiagoa dagoela, baita Oiartzunen bertan ere. Are, hemen bereziki esango nuke. Hala ere hemen denetarik dago, inguruan ere saltoki handiak daude, baina erdiguneko zein herriko jendeak bertako merkataritza babesten du.
Egia da herri txikietan negozioak edo saltokiak mantentzea ez dela erraza, ezin baita lehiatu saltoki handien aurka. Alabaina, egunerokotasunean bezeroekin egotea eta bezero bakoitzari behar duen hori ematea da tokiko merkataritzaren giltza.
