Kalean da euskarazko produktuen katalogo berria
Beste urtebetez, Oarsoaldeko Garapen Agentziak 0 eta 16 urte arteko haur eta umeentzako euskarazko produktuak zerrendatu ditu.
Oarsoaldea Garapen Agentziak Euskara Batzordeak 0 eta 16 urte arteko haur eta umeentzat Euskarazko Produktuen Katalogo berria argitaratu du. Katalogoak hainbat alorreko produktuak barnebiltzen ditu (musika, informatika, liburuak, filmak, aldizkari zein jostailu eta joko desberdinak), eta zein adinerako gomendatzen diren, egileak edota prezioak ageri dira bertan, gurasoei eta gazteei beraien gustu eta interesekin bat datozen euskarazko aukerak aurkitzen eta aukeratzen laguntzeko.
Eskualdeko katalogoa Euskal Herriko beste udal eta mankomunitate batzuekin elkarlanean egin da, eta aurten papereko bertsioa banatu zaie Oiartzungo eta Pasaiako Lehen Hezkuntzako 1. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleei, etxera eraman eta familian erabiltzeko. Horrez gain, eskualdeko ikasle guztiek jaso dute katalogoaren berri ematen duen orrialde-markatzailea, formatu digitalean edo paperean.
Honako esteka honetan dago eskuragarri 2025-2026ko edizio osoa.
