Lezokoak elkartea, jasotakoa lezoarrei itzultzeko prest
Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak egitasmo asko abiatu ditu urtean zehar lezoarren fideltasuna saritu, eta erosketak herrian egiteko mezua zabaltzeko.
Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak ahalegin berezia egin du aurten herriko denda, komertzio eta zerbitzuen erabiltzaile direnei eskerrak eman, eta euren fideltasunari erantzuna emateko. Hainbat izan dira abiatu dituzten egitasmoak, bi helburu nagusirekin: batetik, lezoarrek herriko establezimenduei dieten leialtasuna saritzea, eta bestetik, herrian kontsumitzeko arrazoiak eta aukerak ematea.
Elkartekideek ondo dakite ez direla ingurune errazean ari lanean: ondoan herri handiak dituzte, komertzio askokoak; hurbilean merkataritza zentro erraldoiak ere badaude; eta azken urteetako Interneteko erosketen aroak ez du etenik. Dena dela, irmo ari da lanean Lezokoak lezoarrek herrian erosketak egin, bertako establezimenduetan kontsumitu, edo herriko zerbitzuak erabil ditzaten. Ez hori bakarrik: herrian egiten diren jarduera askoren babesle eta laguntzaile da elkartea, sinisten duelako Lezo bizia nahi bada, euren negozioei begiratzeaz gainera, herriari ere begiratu behar diotela. Herriaren egunerokoan eragile da Lezokoak. Elkarlanean, proiektu askori eutsi dio urtean zehar.
Adibidez, Lezoko Bidea egitasmoak arrakasta berezia izan du. Pasaporte antzeko batean, bertan ziren 20 hutsuneak herriko establezimenduetan kontsumitu ondoren jasotako zigiluekin bete behar zituzten herritarrek, ondoren bonu horiek entregatu eta 1.000 euroko bi sari lortzeko, zozketan: abenduaren 1ean egindako zozketan, Jone Mendigutxia eta Julen Salaberria izan ziren garaile (irudian).
Urte bukaera aldera ere bai, Lezo Bonua kanpaina egin du Lezokoak-ek, udalarekin elkarlanean: 3,5 euroko balioa zuten bonua erosi, eta 5 euroko erosketa egin ahal izan dute bonuen onuradunek azaroan zehar; 1,5 euroko aldea Lezoko Udalak hartu zuen beregain. Gainera, Altxa Burua Lezoren Gurea erabil dezakezu kanpainarekin bat egin du Lezokoak-ek, eta herriko haurrek, sakelako telefonoak erabili beharrean, herriko komertzioetakoak baliatu ditzakete.
Paella, xirimiria, agendak, poltsak…
Lezokoak-en kalera begirako jarduerarik jendetsuena maiatzaren 17ko herri paella jatea izan zen: 400 bat lagun bildu zituen Karlos Saldise plazan. Horretara joateko txartelak herriko establezimenduetan kontsumitzeagatik gonbidapen bidez lortu zituzten horiek guztiek, eta gainera, bazkarian bertan zozketak egin ziren.
Bestalde, urrian erosleen artean agenda bereziak banatu ditu elkarteak, baita erosketak egiteko poltsak ere. Aterki hori deigarriak ere egin ditu Lezokoak-ek Xirimiri egitasmoarekin, eta egun euritsuetan erne ibiltzen ez direnei uzten dizkie, gerora horiek hartu diren establezimenduetara itzultzeko.
Erne: Gabonetako zozketa bereziak egingo dituzte herriko 40 bat establezimendutan. Horietako bakoitzean 125 euro inguruko balioa duen saskia prestatu dute zozkatzeko.
Zer garrantzi du herriko establezimenduetan kontsumitzeak?
Miriam Goikoetxea Zamora. Sahatsa-Aizpea tabernak«Lezon erosketak egin eta kontsumitzea denentzat da onuragarria»
Lezon erosketak egin eta kontsumitzea denentzat da onuragarria, herriari bizia ematen diolako horrek. Herrian gera dadila dirua, nahiz eta jakin askotan zaila izaten dela hori. Gu ahalegin horretan ari gara, ahalik eta zerbitzu onena ematen. Hala ere, zaila da herrian jendea gelditzea inguruan herri handi eta merkataritza gune handiak daudelako. Guk behintzat hemen lanean jarraitzeko apustua egin dugu: Sahatsa tabernatik Aizpeara lekualdatuko dugu gure jarduna, fase berri bat hasiko dugu.
Lezokoak elkarteko kide gara. Babesa dugu hor, taldean lan egiten da, eta iritziak elkartrukatzeko aukera dugu. Bertatik badakigu nor dabilen herriaren alde lanean. Saiatzen gara bertatik gauzak egiten, lezoarrek herrian kontsumitzen jarraitzeko.
Nuria Tejedor Corral. Ttantta bitxidenda
«Jendeak ez al du altxa behar tokiko merkatarien alde? Ahanzturan gaudela uste dut»
Zaila da herritarrek Lezon erosketak egitea. Bada esaten duenik aukera gutxi dagoela hemen. Nik behintzat Errenteriako edo merkataritza guneetako edozein bitxidendak baino produktu gehiago ditut salgai, merkeago gainera. Gainera, jendeak ez daki zenbateko igoera izan duen urrearen prezioak, adibidez.
Herrian kontsumitzen duten lezoarrak ditut bezero. Baina badira Interneten erosketa egin, eta arazoren bat dutenean nigana etortzen direnak soluzio merke bila. Aldaketa behar dugu herriko komertzioan, bestela hutsa geldituko da Lezo. Gainera, autonomo gara, horrek dakartzan buruhauste guztiekin: jendeak ez al du mugitu behar gure alde? Ez al du altxa behar tokiko merkatarien alde? Ahanzturan gaudela uste dut.
Edurne Riaño Agirre. Panpox ile apaindegia
«Herritarrek imajina dezatela zer litzatekeen Lezo tokiko saltoki edo zerbitzurik gabe…»
Ez dakit erabat kontziente garen herrietako establezimenduek duten garrantziaz. Beti arlo ekonomikotik begiratzen ditugu gauzak, ongi dago hori; baina herrian kontsumitzen ez bada, herria hiltzen da. Agian herritarrek ez dute beti herrian kontsumitu behar, baina keinu txikiak, noizean behinekoak agian, egin daitezke. Lotsarik gabe. Herriko komertzioa bizirik mantentzeko ez dira erabateko konpromisoak behar nire ustez, tarteka ere hurbil daitezke lezoarrak gugana.
Keinu horiek, gainera, ez dira bakarrik guganakoak, dendari edo establezimenduak ditugunon aldekoak. Herriaren aldekoak dira. Herritarrek imajina dezatela zer litzatekeen Lezo tokiko saltoki edo zerbitzurik gabe… Hilda legoke herria.
