Zero kilometroko kontsumoa, herria bizirik mantentzeko
Ez dute lan erraza tokiko saltokiek bizirautea online erosketen eta merkataritza eremuen mehatxupean. Horren aurrean, berrasmatze etengabean ari da Errenkoalde.
Jendea kalean erosketekinImanol Saiz Gomez de Segura Ezberdina da tokiko merkataritza bizi-bizi duen herriaren kolorea. Jendearen joan-etorriek betetzen dituzte kaleak, argiek janzten dute paisaia, dinamikoa egiten dute ingurunea, eta hortik harago, tokiko ekonomiari ezinbesteko ekarpena egiten diote. Online erosketak eta merkataritza gune handien aro betean, ez dute bizirautea erraza tokiko establezimenduek. Hala ere, azken urteetan Errenteriako saltokiek eutsi diote pultsuari, horretarako berrasmatze etengabean ari baitira.
Ingurumari horretan, ezinbesteko aterki dute Errenkoalde Errenteriako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkartea. Gaur-gaurkoz, udalerriko 182 establezimendu biltzen ditu, eta bazkide kopuruari eutsi badio ere, handitu egin nahi dute, jakin badakitelako zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egitea izango dutela, Maika Martin Heras elkartearen presidenteak adierazi duen moduan: «Ahalmen handiagoa izango dugu antolatu, saretu eta erreferentzialak izateko, ikusgarritasuna ere handiagoa izango delako. Elkartea, merkatarien bozgorailua da». Horrekin batera, babesa jasotzen dute merkatariek bazkidetuta, baita eguneroko jardunean sortzen zaizkien zalantzen inguruko laguntza ere.
Elkartearentzat erronka nagusiak identifikatu ditu Martinek, Errenkoaldeko kide Izaskun Calvo Ugartemendia eta Mikel Salaberria Fernandez de Arroiaberekin batera. Handi-handiena gazteengana heltzea, horiek tokiko establezimenduetan kontsumitzen has daitezen. «45 urtetik aurrerakoak etortzen dira, badute herrian erosteko ohitura bestelako moduak erabiltzen badituzte ere batzuetan, baina gazteek mugikorraren bidez egiten dituzte gaur egun erosketa guztiak. Askorentzat ez gaude beraien orbitan ere. Gaur-gaurkoz, hori da dugun erronkarik handiena», azaldu du Calvok.
Erronka potoloa, eta hura gainditzeko hamaika modu eta kanpaina antolatzen ari dira Errenteria-Oreretan. Baina ez dela erraza gaineratu du Salaberriak: «Kontzientzia hartzea da gakoa, azaltzea gazte horiei dena Internet bidez erosiz gero herriko kaleak hutsak geldituko direla. Kontzientzia hori nola sortu da gakoa».
Gazteen beharretara jarri
Bide beretik jo du Martinek, eta hausnarketa jarri du erdi-erdian: «Gazteengandik gertu egon behar dugu, jakin zer eskatzen duten gu haien beharretara egokitzeko. Lan handia dugu egiteko bide horretan». Sinistuta azaldu da, hala ere, ziklo bat dela, eta muga joko duela. «Adin batetik aurrera balioa ematen zaio hurbiltasunari, tratuari… Tokiko saltokietan entzun egiten dugu bezeroa, arreta eta informazioa ematen diogu, zaintzen dugu, mimoz gainera. Kasu askotan ezaguna duzu bezeroa eta badakizu zer nahi duen. Hori ez dute ez online plataformek, ez saltoki handiek ematen. Tratu hori bakarrik tokiko saltokietan aurkituko du bezeroak».
Joan den astean egin zuten gazte eta nerabeei begira antolatutako bigarren bideo lehiaketaren sari banaketa. Herriko saltoki bat aukeratu eta horren gainean bideoa egin behar zuten. «Iniziatibaren bidez saltokiak ezagutzen dituzte, inguruan dutenarekin harremanetan jartzen dira. Garrantzitsua da ezagutza, gero bertan erosiko badute».
Beste alderdi batzuekin ere badu kezka Errenkoalde elkarteak, eta horien barruan jarri du digitalizazioa. Calvok eta Salaberriak azaldu dute lana ematen diela alderdi horrek saltokiei, baita buruhaustea ere, «asko jarri dira, baina luzea da bidea oraindik, eta hori ere erronka dugu».
Saltokien erradiografia egin du Martinek, eta azken urteetako joera «positiboa» dela udalerrian nabarmendu du. «Garai bateko galera eten da. Egia da arlo batzuetan ixten diren establezimenduek ez dutela erreleborik izaten, baina beste batzuk zabaltzen dira. Duela urte batzuetako egoerarekin alderatuta, mantentzen ari da merkataritza. Horren atzean, tokiko merkataritza sustatzeko egindako esfortzua dago» esan du Errenkoalderen presidenteak: «Argi dut zer edo zertan eragin dutela kanpaina eta iniziatiba sortek, hori da gure eguneroko lana, Errenkoaldetik establezimenduak babestea itxi ez ditzaten».
Beste udalerriekin alderatuta, Errenteriaren egoera baikorra dela uste du Errenkoalderen presidenteak, baina adi egotera deitu du: «Hori horrela izaten jarraitzeko garrantzitsua da, ezinbestekoa, herritarrek hemen erostea, herrian. Finean komunitatea gara, eta establezimenduak horren parte gara, komunitatea ere egiten dugu. Merkataritzan gertatzen denak eragina du zerbitzuetan, segurtasunean, dinamizazioan, kale bizitzan, baita ekonomian ere. Lanpostuak daude atzean, eta herrian kontsumitzen dena, herrian gelditzen da».
Hozte-locker berria
Gertuko tratuak, pertsonen arteko hartu-emanak, berezi egiten du tokiko merkataritza, baina hortik harago bezeroen beharretara moldatzeko etengabe lanean ari da Errenkoalde. Horren adibide da urte berriarekin batera bezeroen eskura jarriko duen hozte-lockerra edo takila. Orain arte bazuten takila, baina ez hotza behar zuten elikagaientzat Salaberriak zehaztu duenez: «Datorren urtearekin batera izango da gaur egun Niessen merkatalgunean dauden takilen lekuan. Elikagaiak jaso ahalko dira bertan, hotza behar duten produktuentzat zein behar ez dutenentzat egokitua izango delako takila sistema berria. Ahalik eta erraztasun gehien ematen saiatzen gara bezeroei. Hori ere badelako bertako establezimenduak bizirik mantentzeko modua, eta saltokiak lehiakorrago egiteko era ere bai».
Gabonetan murgilduta, salmenta gehien egiten duten unea dela aitortu dute, «garaiak eta ospatzeko moduak asko aldatu badira ere». Urteko egun guztietara eraman nahi dute hori, eta herritarrei «herrian bizi daitezela» eskatu diete, «denok egiten dugu komunitatea, baita identitatea ere».
