Belaunaldiarteko kontzertua egingo du Ereintza Txistulari taldeak
Hiru belaunalditako txistulariak ariko dira Madalena ermitan ostiralean, hilak 19, 19:30ean hasita
Belaunaldiarteko kontzertua egingo du Ereintza Txistulari taldeak.Ereintza Txiustulari taldea Ereintza Txistulari taldea oholtzara igoko da ostiralean, eta modu berezian egingo du, gainera. Izan ere, hiru belaunalditako musikariak ariko dira elkarrekin Madalenaren ermitan 19:30etik aurrera egingo duten emanaldian. Txistulari horiek guztiek, belaunaldi ezberdinetakoak izanda ere, txistuarekiko grina eta konpromisoa partekatzen dute, eta agerian utziko dute txistularitzak udalerrian baduela jarraikortasunik.
Maria Madalenaren Lagunak Kultur Elkarteak eta Ereintza Txistulari taldeak elkarlanean antolatu dute emanaldia, ” Txistuaren bizitasuna eta Errenteriako kulturan duen sustraitzea jarri nahi dugu agerian”.
Funtsezkoa izan da Ereintzaren ekarpena Errenteria-Oreretaren kulturaren garapenean, hala jarri dute nabarmen antolatzaileek: “1963an lehen txistulari banda sortu zenetik, taldeak etenik gabe jardun du 60 urte baino gehiagoz”.
Ostiraleko emanaldia, musika ibilbidea izango da, hiru atal nagusitan banatuta: Antzinako musika, euskal folklorea, eta Gabonetako musika: “Jose Ignacio Ansorenaren Alferra biribilketarekin hasiko da emanaldia, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko lotura irudikatuz. Pieza horrek kontzertuaren espiritua laburbiltzen du: iraganetik abiatuta, gaur egungo begirada batetik etorkizunean jartzea ortzi-mugan”.
Lehen zatian, aitzinako musika izango da protagonista, Tambourin piezaren bidez. Ondoren, Humboldten Alborada lanak hartuko du lekukoa. Ansorenak Humboldten Paperak izenez ezagunak diren lau melodia bildu zituen, Aita Donostiaren Kantutegian jasotakoak.
Bigarren zatian, boleroa eta polka izango dira emanaldiaren ardatz. Dantza horiek oso ohikoak izan ziren garai bateko txistularien errepertorioan. Atzerritik ekarritako doinuak izan arren, txistulariek moldatu, bereganatu eta herriko dantzalekuetara egokitu zituzten. Atal horren barruan, Nongoa zira? obra entzungo da, Jose Ignacio Ansorenaren rapsodia bat. Sei melodia herrikoitan oinarrituta dago: lau Aita Donostiaren kantutegitik hartuak, bat Jose Antonio Santestebanek jasoa, eta beste bat jatorri ezezagunekoa. Bereziki ezagunak dira Penagarria dago eta Xoxo beltz bat ba nuen, azken hau Mikel Laboak eta Amaia Zubiriak zabaldu zutena.
Ondoren, dantza solturako sortutako Kolkonea orripekoa eta Sorgiñ Zulo arin-arina joko dituzte, biak ere Gipuzkoako Dantza Soltu Txapelketetan sarritan entzundako piezak.
Kontzertuaren hirugarren zatia, berriz, Gabonetako musikari eskainia izango da. Euskal Bilantzikoa, Isidro Ansorenaren lana, hiru melodiaz osatua da, horietako bat Zumarragakoa eta beste bat seguruenik egilearen beraren sorkuntza. Jarraian, IV. Alborada Navideña interpretatuko da, Luis Urteagaren obra. Kontzertua Gabonetako goiza rapsodiarekin bukatuko dute. Lau gabon kanta ezagun biltzen ditu, tartean Ereintzak arreta handiz ondare gisa gordetzen duen Olentzero, Errenteriako bertsioan interpretatua.
