Bidegorriak hobetzeko lanak txalotu, baina gabeziak salatu ditu Eguzkik
Lezoko Udalak bidegorri sarea hobetzeko egindakoak ontzat eman ditu talde ekologistak, baina bati eutsi ez izana deitoratu du.
Altamirako biribilgune inguruko seinale horiek informazio zuzena ez duela ematen azaldu du Eguzkik.Eguzki Eguzkik ontzat eman ditu Lezoko Udalak herriko bidegorri sarean ziren gabeziak egindako lanak, baina bati ez zaiola eutsi deitoratu du: Altamirako biribilgunean Donostiara eta Pasaiara joatea bideratzen duten seinaleak ez direla zuzenak azaldu du berriz ere, eta horiek “ahalik eta azkarren” ken ditzala eskatu dio udalari. “Udalak eta aldundiak badakite gune horretan Donostiara eta Pasaiara joateko dauden seinaleak ez direla zuzenak. Udalak bizikletak bideratzen dituen espaloia ez dago aldundiak onartutako bizikleta planaren barruan, bidegorri izateko behar dituen ezaugarri minimoak betetzen ez dituelako. Aldundiak hori argi eta garbi esan du, eta udalak ahalik eta azkarren bete behako luke, bere eskumena baita. Udalak ezin du bizikleten zirkulazioa bidegorri ez den eremu batera bideratu, bidegorri dela esanez”, zehaztu du Eguzkik.
Urri bukaeran hiru eskaerako idazkia egin eta udalera bidali zituzten erakunde ekologistak. Horietatik bi eginak ditu udalak. Hirugarrena seinaleena da. Hala, haiek egindako eskaera guztiak gauzatu gabe uzteak, udal erakundeari “sinesgarritasuna” kentzen diola uste du Eguzkik: “Hobekuntza-lanak egin dituela jakinarazteaz gain, gizarte guztiarentzat mugikortasun segurua bermatzeko behar diren obrak egiteko konpromisoa hartzen duela berresten du Udalak. Horretan sinistea gustatuko litzaiguke, baina egin diren azken lanak bukatutzat emateak eta egin genituen eskaerak gauzatu gabe uzteak ez digu sinesgarritasunik ematen”.
Eguzkik begi onez ikusi du haien eskaeretako bi kontuan hartu izana, eta mugikortasun iraunkorra hobetzeko egiten den proiektu edo bultzatuko duela jakinarazi du, “kasu honetan ere, bat egiten dugu udalak egindakoekin”. Baina lan horiek eginda, seinaleena ez egin izana ez da zuzena taldekideentzat.
