San Tomas festa erraldoia Antxon
Antxoko San Tomas Jaiak berezko duen giroari, erraldoi eta buruhandien topaketaren magia gehitu zitzaion larunbatean.
Larunbatarekin egin zen Antxoko San Tomas Jaia. Barrutiko eragileek gogoz prestatutako festa izan zen, eta antxotarrek ez zioten ukorik egin kalean biltzeko gonbitari. Goizean Gure Zumardia izan zen jaiegunaren erdigune, bertan musika, dantza, abeslariak, postuak, eta talo nahiz txistorra egileak ez zirelako falta izan. Baserritarrez jantzitakoak asko izan ziren.
Berezitasun bat zuen aurtengo Antxoko festak: Pasaiako, Lezoko, Irurako, Agoizko eta Legazpiko erraldoi eta buruhandien konpartsak herrian izan ziren, herriko erraldoi eta buruhandien lagunarteak antolatutako topaketan. Berez duen erakargarritasunari, ginga jarri zioten eguerdi parten herriko eta kanpoko pertsonaia handi eta buruhandiek.
Goizeko azokaren ondotik, bazkaria izan zen Ibai Ondo pilotalekuan, herri babarrun jatea. Horren ondoren kalera eta tabernetara hurbildu ziren herritarrak, festa egunarekin jarraitzeko asmoz.
Jarraian, larunbateko hainbat irudi, Egoitz Segura antxotarrak HITZAra bidalitakoak.
