Pasaiako gain altuenaren bila
Urtarrilaren 4an Mitxintxolako Igoeraren XV. ekitaldia jokatuko da, 11:00etatik aurrera. Izen emateak Herrikrosa atarian egin behar dira.
2026ko urtarrilaren 4an (igandearekin) Itsasmendi Mendi Taldeak antolatutako Mitxintxolako Igoeraren XV. ekitaldia jokatuko da. Parte hartzaileek urteko lehen izerdia botako dute, eta Pasaiako gain altuena konkistatzen saiatuko dira (332 metro). Lasterkariak Donibaneko Santiago plazatik irtengo dira, 11:00etan, eta 3,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lasterketaren aurretik, 10:00etan, mendi martxa egingo dute haurrekin, Santiago plazatik Mitxintxolako tontorrera. Probaren izen emateak irekita daude, eta Herrikrosa atariaren bidez egin behar dira.
Sari banaketa ekitaldia Arrokaundietan egingo da, Piraten Etxean. Txapeldunei txapelak jarriko dizkiete, itsaski-jan bat zozkatuko da mendi martxako partaideen artean, eta lasterkariek pintxo beroak eta salda izango dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute lasterkarien motxilak Piraten Etxera igoko dituztela, eta aukera izango dutela bertan dutxatzeko.
