Oiartzungo 'Appa hi!' aplikazioa aurkeztuko dute larunbatean
Txerri Egunean aurkeztuko dute euskarri digitala, Ttur-tturreko postuan. Hamalaugarren bertsioa da Oiartzungoa.
Oiartzungo Appa Hi! aurkeztuko dute Txerri Egunean Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko postuan. Hitanoa praktikatzeko eta ikasteko euskarria da, eta partida batzuk jokatu behar dira mailak gainditzen joateko.
Aplikazio hori 2021ean sortu zuten Badihardugu Euskara Elkarteak eta Codesyntax enpresak helburu bat bete asmoz: bost astean modu jolasgarrian hitanoaren oinarria jasotzea.
Hasiera batean Oñati herrirako sortu zuten jolasa, baina gero euskara batuko bertsioa eta beste hamaika herritako bertsioak sortu dituzte.
Oiartzungoa, zehazki, hamalaugarren bertsioa da, eta azaldu dutenez, aplikazioarekin “pauso bat gehiago” eman nahi izan dute.
Larunbatean Ttur-tturreko postuan plazaratuko dute aplikazioa, eta postu horretan bertan herritarrek aplikazioa mugikorrean deskargatzeko aukera izango dute.
