Urrezko Bikain ziurtagiria lortu du Oiartzungo Udalak
Euskararen alde urte luzez egindako lanagatik saritu dute udala. Eusko Jaurlaritzako ziurtagirian 888 puntuko emaitza lortu dute.
Oiartzungo Udalak Bikain ziurtagiriaren Goi Mailako (urrezko) aitortza eskuratu du “euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketan” egindako lanagatik. Zehatzagoak izate aldera: esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ziurtagirian 888 puntuko emaitza lortu dute, eta horrek “goi mailako garapena” egiaztatzen du.
Atzo egin zuten ziurtagirien banaketa Gasteizen, eta han izan ziren Joana Mendiburu alkatea eta Aiako Harria Gaztelumendi Hizkuntz normalizaziorako zinegotzia, udalaren izenean saria jasotzen.
Ekitaldi horretan, kanpo ebaluatzaileek azpimarratu dute “udalak urte luzez euskararen normalizazioan egindako ibilbidea eta izan duen ikuspegi estrategikoa, bai herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, bai euskara lan hizkuntza gisa sendotzeko”.
Era berean, nabarmendu dute euskara udalaren eguneroko jardunean “erabat normalizatuta” dagoela: “Udalak euskaraz funtzionatzen du naturaltasunez, eta lan zein zerbitzu hizkuntza nagusia euskara da”. Ildo beretik jarraituz, ebaluatzaileek zehaztu dute gaur egungo egoera “urte askotako lanaren, urtez urte hartutako erabakien eta egindako hobekuntzen emaitza zuzena” dela, eta horrek euskararen erabilera “sendotzea eta errotzea” ekarri duela.

Horretaz gain, azpimarratu dute udal langile guztiek dutela euskaraz lan egiteko gaitasuna, eta, ezagutza ez ezik, jarrera ere euskara erabiltzearen aldekoa dela.
Hori, baina, ez da nabarmendu duten puntu bakarra, txostenean jartzen baitu Oiartzungo Udalak trakzio lana egiten duela euskararen erabilera sustatzerakoan. Honela dio: “Herritarrentzako eskaintza kulturala, hezkuntza arlokoa eta informazio kanalak ia erabat euskarazkoak dira, eta horrek udalaren konpromiso irmoa eta ikuspegi estrategikoa erakusten ditu”.
Ebaluazioan agertzen denaren arabera, udalak euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko plangintza eta irizpide egonkorrak ditu, eta kudeaketa sistematizatzeko urrats sendoak eman ditu.
Haatik, etorkizunera begira, ebaluatzaileek hobekuntza gisa proposatu dute, besteak beste, hitzarmen eta kontratuetan txertatutako hizkuntza klausulen jarraipena indartzea.
